Elorrio biziberritu asmoz plan integral bat lantzen ari da gobernu taldea

Maialen Zuazubiskar 2020ko mai. 13a, 11:32

Elorrioko Udala herria biziberritu asmoz plan integral bat lantzen ari da. Hori horrela, barikuan gobernu taldea oposizioko kideekin batuko da. 

Gobernu taldeko kideek jakitera eman dutenez, "ezinbestekoa" ikusten dute herriko alderdi guztietan eragitea, osasun-krisialdiaren eta normaltasunerako bideko faseen ondorioz sor litezkeen premiei batera eta modu integralean erantzuteko. Hori horrela, guzti hori lantzeko gobernu taldeak oposizioko kideak bilera batera deitu ditu. "Egungo egoeran behin betiko erabakiak hartzea zaila denez, bilera horretan ekarpenak jaso eta elkarrekin lehen zirriborroa egiteko asmoa dugu", azaldu du gobernu taldeak prentsa ohar bidez. Gainera, eragile sozialekin ere bilduko direla azaldu dute. 

Horrez gain, udalak jakitera eman du alarma egoera dekretatu zenetik erabakiak hartzen eta neurriak aplikatzen dabiltza. Joan zen astean, esaterako, merkataritza, ostalaritza eta autonomoentzako languntzak aplikatu zituzten. “Osasun-krisi larria pairatzen ari gara eta, ondorioz, ekonomikoa ere bai; hori dela eta, merkataritza, ostalaritza eta gainerako enpresa txikiak eta autonomoak ere kontuan hartu behar ditugu. Hala ere, ondorioak ez dira horretara soilik mugatzen: eragina du familia zaurgarrienetan, gure nagusien bizi-kalitatean, gazteen aisialdian, kirola egiteko moduan, kultur ekitaldien antolaketan... eta hori guztia hartu dugu kontuan plan integrala osatzen joateko. Udal honek sinesten du herritarren ardurarekin eta erantzukizunarekin batera egingo dugula aurrera, horregatik ari gara parte hartzea sustatzen, denon artean Elorrio hobea egin dezagun”, aipatu du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!