Kiroldegian egindako kudeaketa-eredu aldaketa modu positiboan baloratu du Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko mai. 1a, 10:04

2019ko urtarrilaren 1an ordurarte Elorrioko Kiroldegian eta Eleizaldeko igerilekuetan zegoen kudeaketa eredua aldatzea erabaki zuen Elorrioko Udalak. Orduz geroztik, bi guneotan kudeaketa-eredu mistoa dago. 

Kudeaketa-eredua modu positiboan baloratu du Elorrioko Udalak, eta emaitzek kudeaketa-eredua aldatzea ez zela "ausarkeria bat" izan erakutsi dutela jakitera eman du Dani Palacios zinegotziak. Horrez gain, udalak ohar bidez adierazi du aldaketaren helburua dagoeneko ikusten hasi direla, hau da, erabiltzaileentzako zerbitzua hobetzea. 

Udalaren esanetan ondorengoak lortu dira kudeaketa-eredu aldaketarekin: prezio publikoetan hobekuntzak eta hobariak aplikatzea, kiroldegiaren eguneroko kudeaketan kontrola handitzea, zuzenketa eta prebentzio jarduerak egitea, ustekabeen aurrean diru-itzulketen tramiteak hobeto bideratzea eta udalerriko klubek eta udalak berak instalazioak gehiago erabiltzea, besteak beste.

Bestalde, 2019ko kontuak aztertu dituztela eta konparazio bat egin dutela kiroldegiaren jarduna enpresa pribatu baten esku legokeen kudeaketa integraleko ereduarekin eta hala jarraitu izan balitz izango zukeen gastuarekin, eta  kudeaketaren gainkostua 34.000 €koa izan dela zenbatetsi dutela jakitera eman dute. .

"Apurka-apurka hobetzen joateko urratsak ematen ari gara, eta 2019an hasitako bideari jarraitu behar diogu. Argi geratu da kudeaketa-eredua aldatzea ez zela ausarkeria izan, eta, bestalde, ez zuela zertan udalarentzat gainkostu onartezinik eragin behar. Gaur egun instalazioak itxita daude osasun-krisiaren eraginez, eta udaleko arduradunek uste dugu egungo kudeaketa-ereduari esker, erreakzionatzeko malgutasun handiagoa izango dugula, eta lehenbailehen iristea espero dugun normaltasun berriari egokitzeko baliabide hobeak izango ditugula”, esan du Dani Palacios kirol eta jarduera fisikoa saileko zinegotziak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!