Udaletik plazara

Covid-19ak elorriarrei eragin dizkieten kalteak arintzeko 250.000 euroko diru partida bat ezartzea proposatu du EAJk

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 24a, 13:37

Koronabirusaren krisiak elorriarrengan eragin dituen kalteak arindu asmoz, Elorrioko Udalak ezarritako 70.000 euroko diru partida 250.000 eurora handitzea eskatu du EAJk. 

"Gure ustez udalak proposatutako 70.000 euroak ez dira nahikoa, eta gure herrian dauden beharren azpitik daude laguntza horiek", adierazi du Mikel Arruabarrena EAJko bozeramaileak. Elorrioko Udalak EAJk proposatutako igoerari aurre egin diezaiokela adierazi du jeltzaleak. "Egoeraren larritasuna ikusita Elorrioko Udalak nolabaiteko zorpetzeari aurre egin ahal izango lioke, egoerak hala eskatzen badu”, jarraitu du Arruabarrenak. 

Bestalde, "erabakiak hartzen jarraitzea" eta "lanean jartzea" funtsezko ikusten dute oposizioko kideek. Eta gorbernuari hainbat neurri planteatuko dizkiotela azaldu dute. Alde batetik, Durangaldeko Amankomunazgoagaz eta gainontzeko udalegaz elkarlanean aritzeko eskatuko diote. Bestetik, beste udal batzuk jarri duten bezala, Elorrioko Elikagaien Bankuak eman ohi duen laguntza jasotzen duten familien artean, bonoak banatzeko eskatuko diete udalari, familia horiek elikagai freskoak eros ditzaten. “Elorrioko herritarrek izan behar dute lehentasun nagusiena", esan du Arruabarrenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!