“Euskal presoek oso baimen gutxi dituzte, eta apur horiek ere atzera bota dizkiete”

Igor Galarza 2020ko api. 11a, 10:00

Astelehenean Gorka Fraile durangarrari baldintzapeko askatasuna eman zioten 22 urte espetxean igaro ondoren. Horrek presoen afera azaleratu du berriro. ANBOTOk Txaber Arruabarrenagaz berba egin du.

Zein puntutaraino aldatu da presoen egoera?
Zailtasunak areagotu egin dira. Komunikazio presentzialak, bisitak hain zuzen ere, eten egin dira; prentsa eta posta ez dira heltzen espetxe batzuetara, abokatuek telefonoz edo bideokonferentzia bidez egin behar dituzte kontsultak… Lehengo hartu-emanetarako zailtasunei beste batzuk erantsi zaizkie.

Presoen eta euren gertukoen arteko distantzia handitu egin da?
Aldaketak egon dira presoek senide edo lagunekin dituzten komunikazioetan. Laster hilabete beteko da bisitarik barik, eta imajinatu dezakegu preso eta senideengan sortu den ezinegona, zuzenean ikusi barik, besarkatzeko aukerarik barik. Kasuistika bi aipatzeagatik, ume txikiak dituzten presoena eta gaixotasunen bat duten preso edo senideena azpimarratuko nituzke. Telefono dei gehiago egiteko aukera eman diete; astean zortzitik hamabira bitartean egiteko aukera dute orain, baina urruntasunak eta dispertsioak eragindako inkomunikazioa handiagoa da orain.

Eskubide urraketa horiek zenbateraino hazi dira asteotan?
Euskal presoen kasuan, oso baimen gutxi eman dituzte, eta apur horiek ere atzera bota dituzte. Guraso izan direnen edo senideren bat oso gaixo dutenen kasuetan, adibidez, etxera joateko aukera galarazi diete. Espainiako Gobernuak iragarri zuen hirugarren graduan dauden presoek etxean beteko zutela falta zaien zigor-denbora, baina oraintsu irten duen Gorka Fraile durangarra baino ez dago egoera horretan.

Zeregin asko duzue orain?
Beste eragile batzuekin, Salhaketagaz adibidez, sinadura bilketa bat bultzatu dugu oinarrizko eskubideen defentsaren alde doazen neurriak eskatzeko. Horrez gainera, salaketa eta elkartasun ekimen batzuk bultzatu ditugu. Adibidez, martxoaren 27a azken barikua zela kontuan izanda, Etxerategaz batera antolatutako ekimena.

Jendearen aldetik, zelako erantzuna jaso duzue?
Zorionez, eta Durangaldean bereziki, jendeak oso ondo erantzun zuen. Egon dira beste ekimen asko jendeak modu indibidualean zein kolektiboan egin dituenak. Bagenekien jendeak erantzungo zuela, baina hunkigarria izan da hainbeste pertsonak —ezagun zein ezezagunek— presoei eta euren senideei erakutsitako elkartasuna ikustea.

Zein betebehar duzue Saren orain?
Salaketa ekimenak bultzatzen jarraituko dugu. Martitzenean, apirilaren 7an, Osasunaren Nazioarteko eguna zela-eta, larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatu genuen, adibidez. Bizitzen ari garen egoera berezia amaitzen denerako, presoen aferak bere tokia izan dezan lanean gabiltza. Presoak etxerako bidean ipini behar ditugu, gure ustez etxerako bide hori elkarbizitzari eta etorkizun hobe bati egingo diogun ekarpena izango delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!