"Koktelek esperientzia eta zapore berriak probatzeko aukera ematen dute"

Aitziber Basauri 2020ko mar. 16a, 11:00

Azken zazpi urteetan flair edo koktelgintza akrobatikoan murgilduta dabil Nerea Gallastegi (Elorrio, 1987), Tenerifen, Bartzelonan, Londresen eta Marbellan. Betidanik erakarri dute koktelek, zerbitzariengan ikusitako segurtasunak, eta tabernako edari eta objektuen ezagutzak. Pasio du koktelgintza, eta gizonena den mundu horretan geroago eta emakume gehiago daudela azaldu du elorriarrak.

Zelan definituko zenuke flair-a?
Koktelen munduan, lan egiteko modalitate bat da. Barra batean dauden objektuak erabilita (botilak, edalontziak, koktel-ontziak...) egiten dira koktelak. Estiloa, eraginkortasuna eta azkartasuna lantzen dira, objektuak airean daudela. Zerbitzua atzeratu barik koktelak egiteko mugimendu errealistak erabiltzen dira working flair-ean. Exhibition flair-ean, ikuskizuna eta lehia dira nagusi.

Zelan hasi zinen koktelen mundu honetan?
Flair-ean munduko txapeldun izandako Eduardo Alonsoren eskutik parte hartu nuen flair lehiaketa batean lehenengoz, Tenerifen. Ikastaro batean ezagutu nuen, eta urte bian lan egin nuen beragaz. Bartzelonako European Bartender Schoolen hasi nintzen gero.

Londresen, ere ibili zara…
The Road House-eko Prepare to Flair lehiaketan parte hartu nuen iaz. Aukera izugarria izan zen, denbora zehatz batean koreografia bat sortu behar duzu. Oso ondo pasatu, eta asko ikasi nuen. Otsailean munduko onenekin ikasteko aukera izan dut, Marbellako Flair Campen.

Asko praktikatu behar da?
Egunero. Ordu asko eman behar dira horretan. Hasiera gogorra da. Makina bat kolpe hartu ditut, eta zauriak egin ere bai, eta batek baino gehiagok haginak apurtu ditu. Erreflexuak hartuta, errazagoa da. Erresistentzia handiko plastiko botilekin hasi behar da.

Koktelek badute lekua gure kulturan?
Ez dago oso zabalduta. Dena dela, Elorrion egin izan dugu koktel gaua eta harrera ona izan du. Jendeak esperientzia berriak probatzeko gogoa du. Disfrutatzeko eta lasai hartzeko da koktela. Ehunka koktel daude, une bakoitzerako bat. Koktelak are eta bereziagoa egin dezake une bat. Esperientzia eta zapore berriak probatzeko aukera ematen dute.

Lanean ikusten zaituztenean, zelan geratzen da jendea?
Harrituta. Koktela prestatzeko egindako mugimenduak ikusgarriak izaten dira, nahiz eta zerbitzatzen zaudenean erakustaldietarako aukerarik izan ez.

Ikusi duzun koktelik arraroena?
Txipiroi tintadun koktela. Egileak itsasoko zaporeak islatu gura zituen. Koktel bakoitzak istorio bat du atzean.

Baduzu koktel berezirik?
'La Penca'. Hondartza, lagunak eta flair-a gogoratzen dizkit.

Zer behar du koktel batek?
Gozoaren eta garraztasunaren arteko oreka. Itxura, kolorea eta zaporea dira koktela. Erakargarria, desiragarria izan behar du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!