Urte amaierarako harmailak jarriko dituzte Elorrioko errugbi-zelaian

Anboto 2020ko mar. 10a, 15:26

Eskola eta errugbi-zelaiaren eremua berrantolatzen dabiltza Elorrion, eta urte amaierarako 200 lagunentzako harmailak jarriko dituzte. Gainera, eraikin horretan errugbi taldearen egoitza berria ere egongo da.

Duela ia 30 urte errugbi-zelaia egin zuten Elorrion, eta orduz geroztik zaleek ez dute eguraldi txarraren aurrean aterperik izan. "Harmailena errugbi taldearen erreibindikazio historiko bat da", azaldu du Dani Palacios Kirol arloko zinegotziak. Beraz, arazo horri konponbidea eman gura dio Elorrioko Udalak.

Joan zen asteko osoko bilkuran onartu zuten 445.557 euroko kreditu gehigarria onartzea, eta horrekin batera prozedura martxan jarri zen. Behin hasierako agiriak beteta, lehiaketa publikora aterako dute  proiektua, eta ostean lanak lizitatuko dituzte. Idoia Buruaga alkateak tramite hauek uda aurretik egitea aurreikusten du, eta 2020 amaierarako errugbi zelaian harmailak izatea.

Lau fasetan egindako lanak
Harmailen lanak lau fasetan burutuko den proiektu orokor bati lotuta daude. Lehen fasean San Jose kalea oinezkoei zabaldu zieten, bigarrenean eskola azpiko sotoa konpondu zuten, eta orain harmailak egingo dituzte, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!