Pikara Magazinekoek zuen lehenengo liburua kaleratu berri duzue, Feminismo. Miradas desde la diversidad. Zertan datza liburua?
Guk dugun ikusmolde feminista honetatik, apustu bat egin gura izan dugu, eta jendeari gure mugimendu feministaren berri eman gura izan diogu. Era guztietako zapalkuntzetan ipintzen dugu begirada. Gure ustez, emakumezkoak ez gara talde bat, emakumeak populazioaren erdiak gara, eta guk, populazioaren erdia osatzen dugunok, hainbat errepresio bizi behar izaten dugu. Beraz, lan honetan, zoroen, lodien, lesbianen eta etorkinen ikusmoldetik begiratu dugu, besteak beste.
Zein publikori dago zuzenduta?
Liburu hau jende askorentzat izan daiteke baliagarria, bai feminismoagaz lotura duen jendearentzat, baita alor honetan hasten dabilenarentzat ere. Nire ustez, feminismoagaz lotura dugunoi asko lagundu diezaguke, baita honegaz hasten dabiltzanei ere. Gainera, mundu guztiarentzat ulergarria eta erabilgarria izan dadin, lengoaia eta tonua ulergarriak izaten ahalegindu gara.
Zelan bururatu zitzaizuen proiektu honetan sartzea?
Oberon argitaletxeak proposamena egin zigun, eta taldean onartzea erabaki genuen. Pikara Magazinek 10 urte bete ditu, eta dagoeneko horrelako proiektu batean sartzeko legitimitate nahikoa dugula pentsatu genuen. Guretzat Feminismo. Miradas desde la diversidad oso aukera ona izan da.
Liburuko zure zatian, lesbofeminismoaren inguruan berba egiten duzu. Zertan datza lesbofeminismoa?
Mugimendu feministagaz lotura zuzena duen korrontea da, LGTB mugimendutik ere asko edan duena. 70eko hamarkadan lesbofobiak indar handia zuen, eta oraindino ere lanean jarraitzen du: diskurtso feministak sortzerako orduan, lesbianismoa erdigunean ipintzen ahalegintzen da. Lesbofeminismoaren helburuetariko bat lesbianak mugimendu feministaren barruan ere ikustaraztea da.