“Naturaltasunez irten du denak; pare bat entsegu egin eta gero, gogotsu gaude”

Aritz Maldonado 2020ko ots. 21a, 18:00

Paul Urigoitiak (gitarra eta ahotsa), Pablo Valverdek (baxua eta ahotsa) eta Unai Arregik (bateria) nerabetan ekin zioten zarata ateratzeari Txabolakumeak taldeagaz. Urte batzuetako isilunearen ondoren, kontzertua eskainiko dute Elorrioko gaztetxean, honen urteurrenaren harira. Gaztetxeko kideek egun osoko ospakizuna prestatu dute. Goizean olinpiadak egingo dituzte, plazan. Gero, trikipoteoa eta urteroko argazkia egingo dituzte. Bazkalostean musikaren txanda helduko da: arratsaldean Kilimak talde gipuzkoarrak kontzertua eskainiko du, 18:30ean. Gauean, 22:30ean, Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band, etxeko DJak eta Jkin Alonso arituko dira. Txabolakumeak taldearen ondoren igoko dira gaztetxeko oholtza gainera.

Zelan irten zuen kontzertua jotzeko aukera honek?
Naturaltasunez irten zuen. Lokalera joan ginen, egun pare batean, eta nahiko ondo aritu ginen. Gogotsu geunden. Itzultzekoak ginela zabaldu zen Elorrion, eta, gero, gaztetxetik deitu ziguten. Aukera ona iruditu zitzaigun eta esker oneko gaude.

Zelakoak izan ziren sorrerako sasoiak?
Paulen aititak San Antonen zeukan txabolan hasi ginen entseatzen, eta hortik datorkigu izena. Hantxe hasi ginen zarata ateratzen. Apurka-apurka animatzen joan ginen, eta Bi Kale tabernan eskaini genuen lehenengo kontzertua, Elorrion bertan. Gero, maketatxo bat grabatu genuen, gure lau abestigaz eta Parabellum taldearen Envenenado abestiagaz. 2012ko maiatzaren 12an, Elorrioko gaztetxean aurkeztu genuen. 2014an jotzeari utzi genion, eta orain arte alboratuta eduki dugu taldea.

Eta zapatukoaren ondoren, zer?
Ez dakigu zein izango den plana. Kontzertu pare bat gehiago joko ditugu, eta aurrerago, ba, batek daki. Beharbada abesti berriak sortuko ditugu eta zerbait grabatu, baina oraindino ez dakigu. Ateak zabalik utziko ditugu. Orain lehen baino baliabide gehiago ditugu, eta horrek ere laguntzen du. Hasieran autorik ere ez geneukan kontzertuetara joateko. Gurasoekin edo lagun nagusiagoekin joan behar izaten genuen, pentsa zein gazteak ginen!

Punk rockagaz jarraitzen duzue?
Bai, joko ditugun bertsioak ere ildo horretakoak dira. Hurbileko taldeen bertsioak ere prestatu ditugu. Sala Strummer arrasatearragaz grabatu genuen maketa, eta bere abestietariko bat bertsionatuko dugu. Berak ere asko lagundu eta animatu gintuen. Guztira, hamasei abesti joko ditugu.

Errepertorio luzea, beraz.
Bai, kostatu zitzaigun zein abesti jo eta zein ez erabakitzea (barrez). Maketako abestiak prestatu ditugu, eta gainerakoak bertsioak izango dira. Esate baterako, MCDren Todo por nada joko dugu. Bere sasoian, eurekin jotzeko aukera izan genuen, Arrasaten. Arrasateko Arkada Social taldearen abesti bat ere joko dugu. Gaur egun jotzen ez duten talde ezagunen kantuak ere joko ditugu. Kontzertu berezi bat izatea gura dugu, Elorrion, gure hurbilekoekin, eta denok ezagutzen ditugun abestiekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!