Elorrioko Batzokiaren aurrera zaborra bota dutela salatu du EAJk

Anboto 2020ko ots. 12a, 21:07

Gainerako alderdi politikoei dei egin die gertakari horiek gaitzesteko adierazpen instituzional batekin bat egiteko.

EAJk prentsa oharrean azaldu duenez, batzorde informatibo baten ezohiko bilera eskatuko du, "EH Bilduk gertakarietan izan duen jokabidea aztertzeko eta etorkizunean antzeko egoerak planteatzen badira jarduteko protokoloa ezartzeko".

EAJk dioenez, "kezkatuta" daude Idoia Buruaga alkatearen jarrerarekin. Elorrioko jeltzaleek diotenez, "eskratxearen berri izan arren, ez zuen inolako neurririk hartu, eta hasiera batean uko egin zion Udaltzaingoak gertaera horren berri emateari ere".

Mikel Arruabarrena jeltzaleak azaldu duenez, "herriko alkateak, herrian agintari gorena izanda, gure kaleetan jazarpen politikorik gerta ez dadila zaindu behar du. Eska dakiokeen gutxienekoa Udaltzaingoari abisatzea da, eta kaltetutako pertsonekiko eta kolektiboekiko gertutasuna erakustea".

Gertatutakoaren aurrean, EAJk kritiko agertu da: "Deitoratu beharra dago mobilizazio hau EAJ alderdiko buruzagi eta afiliatuen aurkako jazarpen-kanpainaren barruan kokatzen dela, joan den ostegunean Zaldibarko zabortegian izandako gertaera tragikoaren harira euskal gizarteko eragile politiko ezagunek antolatua eta sustatuta".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!