Elkarguneak sortuz gazte eta nagusien artean zubi bat eraikitzen dabiltza Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2020ko ots. 11a, 13:48

Duela lau urte Elorrioko Udalak generazio ezberdinen arteko harremanak bultzatu asmoz, 'Sormening' ekimena martxan jarri zuen. Orduz geroztik, Elorrioko gazte eta nagusiek elkarguneak sortu dituzte, eta beraien artean zubi bat eraiki asmoz dabiltza. "Elkar ezagutu eta jakituria partekatzeko aukera eskeintzen du Sormeningek", adierazi du gaur goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan Onditz Mendizabal koordinatzaileak.

 

Prentsaurrekoan Onditz Mendizabal eta Maria Herrero alkateordeagaz batera,sei gaztek eta nagusik bik parte hartu dute.  Zortzirek generazio ezberdinen artean sortzen diren harremanen garrantzia azpimarratu dute, baita elkarrengandik ikasten dutena ere. "Oso pozik parte hartzen dut ekimen honetan, eta urte askoan parte hartu gura nuke. Gazteek gauza asko erakusten baitigute nagusioi, eta baita guk eurei ere", aitortu du Jone Maturanak. Gregorio Reyesek ere gazteengandik "asko" ikasi duela azpimarratu du. 

Ikasleak ere oso pozik daude ekimenean parte hartzeaz. "Nagusi izan arren, gauza asko egin daitezkeela erakutsi digute, eta beraiekin oso ondo pasa daitezkeela", esan du Garazi Eriz Elorrio BHIko ikasleak.

Antolatzaileak ere gustora daude lau urte hauetan Elorrion egindako lanagaz. "Guretzat bereziena eta politena da nagusi eta gazteak kalean ikusten direnean elkar agurtzea", esan du Mendizabalek. Maria Herrero alkateordeak ekimenagaz "oso pozik" daudela, eta parte hartzaileei eskerrak eman zizkien. Horrez gain, ekimenak jarraipena izango duela eta aurrekontuetan horretarako diru atal bat gorde dutela jakitera eman die bertaratutakoeei.

Hilean bizpahiru aldiz elkartzen diren ekimenean Elorrioko hiru ikastetxetako 78 gaztek eta Berrio-otxoa, Esperanza, Elorrio-Lore eta Bizidun elkarteetako 50 bat nagusik parte hartzen dute.

Sormening taldekoeek jakitera eman dutenez, ikasturte osoan zehar hainbat ekintza egiteko batzen dira. Josten, dantzan, inausketa lanetan eta mahai jokoetan ibiltzen dira, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!