Iguria auzoko sarbideak behar den moduan argiztatu ditzan eskatu dio Elorrioko Udalak Aldundiari

Maialen Zuazubiskar 2020ko urt. 20a, 12:26

2019an 20 auto istripu gertatu ziren Gerediaga eta Kanpazarreko gaina lotzen dituen errepidean, Elorrioko tartean. Gainera, Elorrioko saihesbidean iaz izandako istripuetan lagun bi hil ziren. Azkena, urriaren 25ean.

Urriaren 25eko istripu horren ondoren, errepide tarte horretan dagoen Iguria auzoko bizilagunek hainbat protesta eta eskari egin zituzten. Hala ere, Iguriako auzotarrak ez dira izan eskariak egin dituzten bakarrak. Elorrioko Udalak ere egin ditu bereak. Udalak egindako lehenengo eskaria Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura Sailagaz batzartzea izan zen. "Errepide hori Aldundiarena da eta, horregatik, batzartzeko eskaera egin genien", azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

Urtarrilaren 10ean egin zuten batzarra, Elorrioko Udaleko kideek eta Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapen diputatuak. Alkateak jakitera eman duenez, Aldundiak N-636 errepidean egin dituzten hobekuntzak eta hartu dituzten neurriak azaldu zituen.  Bide tarte horretako segurtasuna bermatzeko, Aldundiak piboteak eta seinale berriak ipini ditu. "Aldundiaren ustez, egin dutena nahikoa da, baina gure ustez ez. Udalaren iritzian, ezarritako neurri horiek lagungarriak dira, baina ez dira nahikoa", adierazi du alkateak.

Bestalde, zati horretako argiztapena hobetzeko eskaria egin duela jakitera eman du Idoia Buruagak. "Auzoko sarbideak behar den moduan argiztatzea eskatu diogu Aldundiari", esan dio ANBOTOri Buruagak. Hala ere, argiztapena hobetzea ez da udalak egingo duen eskari bakarra, abiadura moteltzeko bestelako neurriak hartzeko ere eskatuko baitiote Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari. "Abiadura moteltzeko bestelako neurriak hartzeko eskatu genion Aldundiari, baina ez zela euren eskumena esan ziguten. Beraz, orain Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari egin behar diogu gure eskaria; hau da, eurei eskatu beharko diegu errepide horretako segurtasuna hobetzeko hartu beharreko neurriak hartzea", esan du alkateak. Eskariak Iguriako auzotarrekin batzartu ondoren egingo dituztela jakitera eman du alkateak. Batzarra aste honetan egitekoak ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!