"Norabidea argi" dutela osatu du Elorrioko Udalak lehen urte erdia

Igor Galarza 2020ko urt. 15a, 12:01
Maria Herrero eta Idoia Buruaga

Elorrioko Udalak balorazio "positiboa" egin du gobernu taldearen lehen sei hilabeteena. "Herritarren beharrei erantzun" diela adierazi du Buruagak, eta hurrengo helburu batzuk ere aipatu ditu, artean Iguria auzoan dagoen arazoari aurre egitea.

Udal taldean lau aurpegi berri izanagatik, eta "eraginkortasuna hobetzerik dagoen arren", hausnarketa baikorra egin du Buruagak. Taldea "emankorra" dela esan du prentsaurrekoan, eta "gogotsu" daudela nabarmendu. Aurrekontu parte-hartzailekin gustora geratu da udala, "herrigunean oinarritutakoa" dela azpimarratuz.

Datozen proiektuei begira, erronka ugari dituztela azaldu dute. Alde batetik, Iguria auzoko gatazka konpontzeko lan egingo dutela esan dute. Oinezkoentzat pasabidea egin eta errepidetik igarotzen diren autoen abiadura moteldu nahi ditu Elorrioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailarekin hitz egingo dutela jakinarazi du Buruagak.

Aurrekontuen gatazka

Abenduan onartu zituzten behin-behinean aurrekontuak, baina Elkarrekin-Podemos Herritarren Eskubidea taldearen ezezko botoak "harritu" ziela esan dute. Hala, esan dute oraindik ez dutela hitz egin oposizioko taldearekin: "Ez dugu denborarik izan bi taldeak jesartzeko eta zergatiak zeintzuk diren ezagutzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!