EAJren "konfiantzazko botoagaz", EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuek aurrera egin dute Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 17a, 12:55

Atzo  iluntzean, 2020ko udal aurrekontuak onartzeko asmoz, osoko bilkura egin zuten Elorrion. Bertan, gobernu taldeak 9.100.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen. Idoia Buruaga alkateak adierazi zuenez, Elorrio hobetzeko herritarren, herriko elkarteen, udaleko langileen eta oposizioko alderdien iritziak jasota eta eguneroko parte hartzea bultzatuta sortutako aurrekontuak dira gobernu taldeak aurkeztutakoak. "Aurrekontuek Elorrioko bizi kalitatea hobetzea dute helburu, elorriarrak erdigunean ipinita", esan zuen alkateak.

Mikel Arruabarrena EAJren bozeramaileak "konfiantzazko botoa" emango zutela eta abstenitu egingo zirela adierazi zuen. "Negoziazio batzar bi egin ditugu gobernu taldeagaz, eta berba eman digute guk proposatutako hainbat puntu jorratuko dituztela. Beraz, konfiantzazko botoa emango diegu", azaldu zuen EAJko kideak. Arruabarrenaren esanetan, Betsaide inguruko errepidearen inguruko azterketa tekniko bat egitea, Nagusien Etxe ingurua egokitzea eta kiroldegi berri bat eraikitzeko pausoak ematen hastea eskatu dute, besteak beste.

Elkarrekin-Podemos Herriaren Eskubideak, ostera, aurrekontuen kontra bozkatu zuen. "Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikustea eskatu dugu, gure ustez iraungita dago eta. Baina gobernu taldeak ez du onartu. Beraz, kontra egingo dugu", esan zuen Agustin Fernandez bozeramaileak. Horrez gainera, parte hartzerako partida bat egotea beharrezko ikusten dutela eta Nagusien Etxea ez dutela Aldapebeitian egoki ikusten adierazi zuten.

Orain zortzi urte 12 botogaz onartutako HAPOa iraungi gabe dagoela erantzun zuen Buruaga alkateak, eta teknikariek esaten dutenean berrikusi egin behar dela, horixe egingo dutela. Bestalde, nabarmendu gura izan zuen gobernu taldeak egunerokoan lantzen duela parte hartzea. "Iaz, Aldapebeitiako gaia zela-eta, parte hartze prozesu bat martxan ipini genuen. 500 herritarrek parte hartu zuten eta Aldapebeitian Nagusien Etxea gura zutela esan zuten. Orain, zuek hori ez dela egin behar diozue. Hori da parte hartzea bultzatzea?", esan zuen. Bestalde, abstentzioaren bitartez konfiantza ematea eskertzen dutela eta EAJ "ez dela damutuko" esan zuen alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!