Haurreskola berria eta Aldapebeitia jauregian nagusien egoitza jartzea udalaren etorkizuneko erronka berriak

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 10a, 13:29

Gaur goizean gobernu taldeak 2020eko aurrekontuen proposamena aurkeztu du. Udaletxean egindako prentsaurrekoan aurrekontuen inguruko nondik norakoak azaldu dituzte Idoia Buruaga alkateak eta Maria Herrero alkateordeak. 

Bertan alkateak jakitera eman duenez, 2020an orain arte mahai gainean egon diren proiektu txikiak garatu, "txikitasunean handi direnak", eta etorkizunean gauzatuko diren proiektuak idazteko erabiliko dute datorren urtea. Hainbat izango dira datorren urtean idatziko dituzten proiektuak, tartean daude haurreskola berria egitea, Aldapebeitia jauregiko lehenengo solairuan nagusien egoitza jartzea, Argiñeta ingurua konpontzea eta San Agustin ingurua atontzea, besteak beste. “Herrian haurreskola berri bat egiteko beharra dagoela ikusi dugu diagnostikoan, eta datorren urtean proiektua esleituko dugu”, esan du alkateak. Horrez gain, herritarrek Aldapebeitian jubilatuen etxea jartzea eskatu dutela, eta hori gauzatzeko proiektua idatziko dutela azaldu du alkateak.

Proiektuak idazteaz gain, ekintzetara ere pasako da Elorrioko Udala. Guztira, 9.100.000 euroko aurrekontua proposatzen dute eta hortik milioi bat baino gehiago inbertsioetarako bideratuko dute. Proiektu nagusienetakoa Urkizuaraneko ur hornidura eta estolderia lanegaz amaitzea izango da. Gainera, hezkuntzara 305.000 euro bideratuko ditu udalak, auzo eta landa eremurako 207.000 euro, Led argien hirugarren faserako 118.000 euro eta herriguneko irisgarrritasunerako 140.000 euro, besteak beste.

Gobernu taldearen proposamena datorren astelehenean pasako da osoko bilkuratik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!