“Moda kontuan hartzen dut, baina ez diot jarraitzen; neure gustuen arabera sortzen ditut poltsak”

Joseba Derteano 2019ko abe. 5a, 09:00

Gorane Gillenek kolore eta gustu guztietako poltsak eta motxilak egiten ditu Elorrioko Gorakat dendan. Euskal Dendan egongo dira salgai, abenduaren 5etik aurrera.

Aspaldi murgildu zinen artisauen munduan?
Orain lau bat urte. Betidanik gustatu izan zait jostea, txikitatik. Bere sasoian, Arte Ederrak ikastea erabaki nuen, moda diseinuak ez ninduen-eta guztiz betetzen. Baina jostea beti gustatu izan zaidanez, urteetan arlo horretan trebatzen joan naiz. Kasualitatez sartu nintzen mundu honetan. Lagun batzuen artisau denda batean nengoela, tapizeria oihalki batzuk zituzten poltsa batean, eta jaso egin nituen. Beste lagun batek azoka bat antolatu zuenean, oihalki horiek hartu eta poltsa batzuk egin nituen. Eta sorpresa handia hartu nuen, ia poltsa guztiak saldu nituen eta. "Beharbada hauxe izan daiteke nire bidea", pentsatu nuen. Gordeta nituen oihalkiak, bakoitza gama batekoa zen eta ideia horregaz jarraitzea erabaki nuen. Bakarrak eta esklusiboak ziren poltsak sortzea. Jendeak baloratu egiten du hori.

Arte Ederrak ikasi izanak lagundu dizu zure ogibidean?
Bai. Arte Ederretan proiektuekin lan egiten ikasten da. Ideia batetik azpi ideiak irteten dira eta ikuspegi orokor hori irudikatzen lagundu dit. Pertsona sortzailea izan naiz betidanik.

Sormenak hartzen du atsedenik?
Jende askok galdetzen dit: nondik hartzen dituzu ideiak? Edozein tokitatik: kaletik, iragarki batetik, naturatik… Asko fijatzen naiz orokorrean, eta baita poltsetan ere. Jendeak egindako iradokizunak ere kontuan hartzen ditut.

'Argi' izeneko filmean jantzi-diseinuan laguntzailea izan zinen. Zelako esperientzia izan zen?
Oso ona. Beste mundu eta jende bat ezagutzeko aukera eskaini zidan, baina ikusi nuen ez zela niretzat egindako ogibidea. Gorakaten neuk erabakitzen dut neure ordutegia, zer egin, zelan egin… Baina esperientzia aberasgarria izan zen.

Diseinatzerako orduan, modari kasu egiten diozu?
Ez. Moda kontuan hartzen dut, baina ez diot jarraitzen. Neure gustuen arabera sortzen dut.

Poltsa pertsonalizatuak ere egiten dituzu?
Nik egingo ez nituzkeen kolore konbinazioak eskatzen badizkidate, ba, egiten ditut. Gomendioak ematen dizkiet, kolore hau beste honegaz hobeto geratzen dela eta antzerakoak, baina euren gustuak asetzen ahalegintzen naiz.

Lan eta lan zabiltza Euskal Dendara begira?
Bai. Urterik urtera ikusi dut salmentak onak izaten direla. Beraz, produktuen ekoizpena handitu egiten dut sasoi honetan. Aurten denbora gehiago hartu dut poltsak orandino mimo gehiagogaz prestatzeko. Modelo bakoitzetik pieza bakar berezi gehiago egongo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!