"Modu zikinean zabaldu diren mezuek irakaspen bat utzi diete ikasleei: Saharara elkartasuna helarazteko grina gehiago dute orain"

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 29a, 15:20

Saharara joan barik geratu dira Elorrioko hainbat ikasle eta irakasle; baina haien asmoak ez dira kikildu. David Cobos Txintxirri ikastolako zuzendariaren esanetan, "atzoko frustrazio, ernegu eta inpotentziatik, ikasgai bat atera dute ikasleek: elkartasuna helarazteko gogoa areagotu zaie". Zuzendariak aitortu du atzokoa "kolpe gogorra" izan zela, "liburuetan irakasten ez den ikasgai bat", hain zuzen. Espainiako estatuko gobernuak zabaldutako mezuak "xantaiadunak" eta "modu zikinean" zabaldutakoak izan zirela iritzi dio Cobosek.

Elorrioko hainbat ikasle eta irakasle Tindufera (Argeliara) bidaiatzekoak ziren, bertan, astebetez, erbesteratutako sahararren komunitateagaz elkartasun proiektu bat garatzeko. Espainiar estatuko gobernuak, baina, "atentatu arriskuak" egon zitezkeela-eta, bertan ez barneratzea gomendatu zuen. Atzo iluntzean erabaki zuten Elorrioko ikastetxeetako kideek, proiektua bertan behera uztea. Elorrioko Txintxirri ikastolako eta institutuko 40 ikasle inguru joatekoak ziren, beste 10 irakasle ingurugaz.

Saharara elkartasuna helarazteko lanetan segituko dutela aurreratu du Cobosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!