“Gure inguruko taldeen eragina nabarmena da gugan: Elorrioko taldeak, Arkada Social, Never Surrender...”

Igor Galarza 2019ko aza. 28a, 16:20

Elorriok punk, rock eta oi doinuak uztartzen dituzten taldeen harrobia izaten jarraitzen du. Aimar Sainz de Murieta (ahotsa), Andoni Orbegozo (baxua), Andu Moreno (gitarra), Jon Agirrebeitia (gitarra) eta Mario Cruz (bateria) gazteek Estutu taldea sortu dute, eta euren lehenengo lana izango denaren grabaketa fasean murgilduta daude orain. Hala ere, "ahal duten heinean" kontzertuak eskaintzen jarraitu gura dute. Barikuan, kontzertua eskainiko dute Zaldibarko gaztetxean, Cuero Negro eta Selektah Stepi taldeekin batera.

Zelan sortu zenuten taldea?
Musika eskolara joan ginen bostok; Mario eta Aimar zeharkako txirula jotzen hasi ziren, Andu eta Jon gitarra espainola, eta Andoni akordeoia. Hamabost urtegaz, talde bat sortzeko gogoa sartu zitzaigun eta lokalera joaten hasi ginen. Mario bateria jotzen ikasten hasi zen, eta Aimar, abesteaz gainera, baxua jotzen hasi zen; horrek irteera asko ez zeukala ikusita, Andoni batzea izan zen proposamena, baxua jotzeko. Bertsioak jotzen hasi ginen .

Zerk mugiarazi zintuzteten batzera?
Hasieran, gure asmoa bertsio batzuk jo eta ondo pasatzea zen. Horrez gainera, pentsatzen genuena musikaren bitartez transmititu gura genuen, momentu horretan entzuten genituen taldeen ildoari jarraituta. Beste alde batetik, talde horien bertsioak jotzeak, kontzertuak jotzeak eta gure kantak sortzeak motibatu egiten gintuen.

Zein hartu-eman zenuten taldea sortu aurretik?
Taldeko hiru partaidek txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, gure gurasoak lagunak direlako. Jon eskolako kidea zen, eta kuadrillan beti ibili gara batera. Andoni Abadiñon bizi zen, 12 urtera arte, eta Elorriora etortzean kuadrillara batu zen.

Punk Oi talde bat zarete. Zergatik?
Bostoi musika estilo desberdinak gustatu arren, gure artean gehien nabarmentzen den estiloa delako gara punk oi talde bat. Hala ere, gure estiloa ez da punk oi musikara mugatzen, punk rocka ere tartekatzen dugu.

Baduzue erreferenterik?
Egia esan, ez dugu erreferente argi bat talde lez. Bakoitzak musika estilo desberdinak entzuten ditu, eta erreferente pertsonalak ditu. Esaterako, Non Servium eta Rude Pride talde ezagunak entzun izan ditugu, beharbada ez hainbeste La Polla, Eskorbuto, RIP eta horrelako talde mitikoak.

Gure inguruko taldeen eragina ere nabarmena da gugan, Elorrioko taldeak, Arkada Social, Never Surrender, Fridays Crew Apunta, In Your Face, The Sinners, Nealta Folla...

Zer entzuten duzue orain?
Guk jotzen dugun musikaren antzerakoak entzuten ditugun arren, punk oi musikaz haratago ere entzuten dugu: Brigada Criminal, Rancid, Iheskide....

Bakoitzak bere gustu propioak ditu, eta gure taldearen barruan musika estilo nahiko zabala entzuten dela uste dugu, hasi Cock Sparrerren oi doinuetatik eta Slipknoten doinu metaleroagoetara.

Grabaketa lanekin hasi zarete.
Oraingoz, hainbat kanta dauzkagu, zortzi edo bederatzi inguru, eta hauek jendeagaz konpartitu ahal izateko grabatzen hasi gara. Lan hau ezin dugunez guk bakarrik egin, gaztetxeko lagun bat, Karra [Selektah 9mm], guri laguntzen dabil grabaketagaz. Apurka gabiltza lan hori egiten, grabaketak bere denbora behar duelako, eta gauzak ondo egitea gura dugulako. Materiala eskuratzea ere ez da lan erraza izaten, eta gaztetxetik eskaini diguten laguntza eskertu gura dugu. Ea hemendik lasterrera jendeagaz konpartitu dezakegun dena.

Oso gazteak zarete. Zer esaten dizuete beste taldeetakoek oholtza eurekin partekatzean?
Gure inguruan begiratzea baino ez dago; geroago eta gazte gehiago ari dira instrumentuak hartzen eta punk oi musika egiten. Hainbat taldegaz jo dugu, eta denen partetik jaso dugu animoa. Aurrera jarraitzeko esaten digute, eta materiala ere eskaini digute.

Asteburuan Zaldibarren joko duzue. Gogotsu zaudete?
Bai, noski! Gogo itzela dugu, eta eskertzekoa da gaztetxeak eman digun aukera. Hurrengo egunean Beasainen jo behar dugu, baina, hala ere, dena emango dugu Zalbibarko kontzertuan. Hainbat kontzertu eskaini ditugu jada. Besteak beste,  ekainaren 1ean, Brigade Loco eta Alerta Gorriagaz batera, RSFk antolatuta. Anbotopen, Elorrioko gaztetxean eta beste leku batzuetan ere jo dugu. Hainbat eragileren lana eta esfortzua eskertu gura dugu.

Hemendik aurrera, zer?
Lehenengo, grabaketa bideratu gura dugu. Baina, hala ere, kontzertuak jotzeari utzi behar ez izatea itxaroten dugu. Dena dela, egin beharrekoa egingo dugu, kantak ahalik eta arinen kaleratu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!