“Elorriora etorri, lagunekin egon eta gustuko gauzak egin... horixe da bizitzea niretzat "

Aitziber Basauri 2019ko aza. 26a, 10:09

Rafa Beitiak 37 urte egin ditu hegaldi komertzialetan. Azken 30 urteak AEBetako United Airlines konpainian. Hegazkineko komandantea da eta Washingtonen du aire-basea. Floridan du bizilekua, baina etxea Elorrion, Olabezar baserrian. Amerikan, Asian, Pazifikoko irletan, Europan eta Australian ibili da, besteak beste.

Elorriotik AEBetara joan zinen umetako ametsa betetzera.
Bai. 20 urtegaz joan nintzen AEBetara. Beti amestu dut hegan egitea, besterik ez bada kometa bategaz. Txoriei begira ematen nuen denbora, edo hegazkinei, zeruan desagertzen ziren artean. Kometak eta aeromodeloak ere egiten nituen 14 urtegaz, eta, behin, Madriletik Kanaria uharteetarako hegaldia egiten zuen emakume baten artikulua irakurri nuen. AEBetan abiazio kontua izugarria zela zioen, eskola asko zeudela, eta Europan baino merkeago.

Horrek zabaldu zizun bidea?
Anaia pilotari zebilen AEBetan, eta pilotan jokatu eta kontratu bat lotzea pentsatu nuen. 4-5 urte egin nituen pilotari profesional Floridan. Lortutako diruagaz abiazio eskolara joan nintzen. Egunez eskolan eta gauez frontoian jarduten nuen. Ez zen erraza izan.

Umetan hegazkinak pilotatzen ikusten zenuen zeure burua?
Fumigatzen lan egin gura nuen, abionetagaz. Baina horretan ibilitakoek arriskutsua zela esan zidaten, erabilitako produktu kimikoak txarrak zirela. Azkenean, gauez zama eramaten hasi nintzen, hegazkin handietan.

22 urte daramatzazu komandante. Ardura handia da hori.
Bai. Onerako eta txarrerako. Gehienetan ondo doa dena, baina zerbaitek txarto irtenez gero.... Hegaldiaren informazio guztia jasota egon behar da, horrek du balioa.

Airean zerk ematen du errespeturik gehien?
Eguraldi eskasak, orain dena oso kontrolatuta egon arren. Baina ardurarik handiena aireratzeak sortzen du. Orduan du pisurik gehien hegazkinak, 0tik irtete abiadurara pasatu behar dugu, eta motor batean arazoren bat sortzen bada ere ezin da gelditu. Horren antzera, lur hartzeak.

Baduzu astirik lekuren batean lasai egoteko?
Hoteletik hotelera ibiltzea ez da erraza. Gogorra egiten zait. Herrialde batetik bestera ibiltzeak asko nekatzen du. Bestelakoa da oporretan, lantzean behin batera edo bestera joatea. Guk etengabe egiten dugu hori. Orduak aldatuta gabiltza beti, eta batzuetan non gauden ere ez dakigu. Nonbaiten geldi egotea, horiek dira oporrak niretzat.

Non duzu etxea?
Elorrion. Gogoa eta burua baserrian izan ditut beti. Virginian dut bizileku bat, eta beste bat Floridan, anaiagaz. Baina inoiz ere ez naiz hango sentitu. Elorriora etorri, lagunekin egon eta gustuko gauzak egin… horixe da bizitzea niretzat. Askotan esan diet lagunei mundu zabalean ibili naizela, baina bizkor bizi izan naizela. Batetik bestera, beti arineketan, orduari begira. Ez dut disfrutatu neure gustuko gauzekin.

Erretiroa hartzen duzunerako baduzu amets berri bat
Baserrira etorri eta okelerako behi batzuk ipini, baina gozamenerako. Gauza erraz eta gustukoez disfrutatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!