“Semeek egunak daramatzate Bolivian eskolara joan barik, ikastetxe asko erre egin dituztelako”

Joseba Derteano 2019ko aza. 25a, 11:02

Elorrioko eta Durangoko hainbat boliviar areto futboleko talde batean batu dira, Elorrion kuadrillentzat antolatu duten txapelketan parte hartzeko. Bolivian bizi den egoeraren aurrean, kirolak barrua husteko balio die. Juan Carlos Arcangel da euretariko bat. Kezkaz bizi ditu bere sorterriko gertaerak, eta han bizi den egoerari buruz duen ikuspegia ematera animatu da.

Noiztik bizi zara Boliviatik kanpora?
Cochacamba hirikoa naiz eta orain hiru urte irten nintzen handik. Han irabazten nuen diruagaz zaila zen aurrera egitea. Emaztea, bost eta hiru urteko semeak, gurasoak, anaia… Denak Bolivian bizi dira gaur egun.

Zelan bizi duzu zure sorterrian dagoen egoera?
Bolivia horrela ikusteak min ematen dit. Herritarrak sufritzen ari dira, eta ez dute inongo errurik.

Zure emaztea eta semeak zelan daude?
Ondo daude, baina semeek egunak daramatzate eskolara joan barik, Moralesen aurkariek erre egin zituztelako eskola asko. Barazkien eta janariaren prezioak gora egin du nabarmen, ez delako produkturik heltzen. Nik bidaltzen diet dirua, baina zer erosirik ez badago…

Zer iruditzen zaizu Evo Moralesek egin duen lana presidente egon den urteetan?
Presidente ona izan da. Berari eman izan diot botoa hauteskundeetan. Pobrea den jende askori lagundu dio eta eskola asko eraiki ditu. Bere lehenengo hamar urteak oso onak izan dira, gauza on asko egin du, baina 2016tik hona aldatu egin dela esango nuke. 2016ko erreferendumean, herritarrik gehienek konstituzioa ez aldatzea erabaki zuten, eta presidentearen berrautaketa gehiago ez luzatzea. Herritarrek erabakitako hori errespetatu egin behar zela uste dut.

Zure ustez, azken hauteskundeak garbiak izan dira?
Ez. Nire ustez, iruzurra egon da, gutxienez duda asko eragiten dit. Baina gerora etorri dena estatu kolpe bat izan dela ere uste dut.

Presidente berriak, Jeanine Añezek, botoen %4 eskuratu zuen azken hauteskundeetan.
Ez da nire gustuko presidentea. Indigenak asko diskriminatzen dituen pertsona da.

Beste hauteskunde batzuk egiteak egoera baretu dezake?
Baietz uste dut, baina garbiak izan behar dira, sinesgarritasuna izan behar dute.

Noiz itzuliko zara Boliviara?
Paperak egin eta urte amaieran familia ikustera joango naiz. Ez dago eurak besarkatzea baino sentsazio hoberik, Bolivia zein egoeratan dagoen kontuan hartuta batez ere.

Zerbait gehitu gura duzu?
Bakea gura dut Bolivarentzat. Gauzak baretu eta negozioak eta komertzioak berriro martxan ipini daitezela gura dut, horrek ematen diolako bizia herriari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!