“Film laburra epaimahaiari eta publikoari gustatzea izugarria da”

Aitziber Basauri 2019ko aza. 15a, 16:00

Atabalak taldearen ‘Laif Koutxin’ lanak irabazi du ’24 Ordu Digitalean’ film laburren lehiaketa, aurten. ‘Ausardia’ izan zuten gaia, ‘Hego haizerik gabe zoratu’ esaldia, eta erabili beharreko objektua ‘sarrera’. Malen De la Fuentek, Miren Letonak, Maider Lopezek, Amaia Cobok, Maddi Loitik eta Ibone Ajuriak publikoaren eta epaimahaiaren saria lortu zuten. ANBOTO Maddi Loiti (Elorrio, 1999) eta Ibone Ajuriagaz (Elorrio, 1999) izan da. 

'Laif Koutxin’-ek sari bikoitza lortu du. Zelako sentsazioa utzi dizue horrek?
Maddi:
Oso emozionatuta gaude! Epaimahaiari eta publikoari gustatzea izugarria da. Askotan gertatzen da publikoari gustatzea eta epaimahaiak beste ikuspuntu bat izatea.
Ibone: Ikusleek ulertu dituzte elorriarrei buruzko hainbat aipu, eta gustatu zaie. Horixe zen helburua, publikoari gustatzea.

Zelan sortu zitzaizuen ideia?
Maddi
: Oso lasai ibili ginen! Miren sofan etzanda zegoen, eta ni Maleni tatuaje bat egiten. Gainerakoak etortzekoak ziren, eta ordu bi pasatuta, esan genuen: ‘Zerbait pentsatu beharko dugu, ezta?'. Norbaitek life coaching bat egitea proposatu zuen eta perfektua iruditu zitzaigun.
Ibone: Ideia lotuta, garatzen hasi ginen. Eszena bakoitza idatzi eta lehenengo eszena grabatzen hasi ginen, Bikale kanpoan, 02:00etan. Etxe barruko eszenak grabatu genituen gero, eta ordubetetxo bat lo egin eta gero, beste kaleko eszenak.

Aurretik ez zenuten ezer pentsatuta…
Ibone:
Barregarria izango zen zerbait egin gura genuen. Barregarri geratu arren ondo pasatu gura genuen, eta ikusleek ere bai.

Eta ondo pasatu zenuten…
Ibone:
24 ordu barrez pasatu genituen. Ez zen drama momenturik egon. Oso gustura ibili ginen.
Maddi: Oso dinamikoa izan zen dena eta elkarlanean aritu ginen,  muntaian ere bai.

Modan dauden coaching, influencer edo youtuberren parodia egin gura izan duzue?
Maddi
: Ez dugu horretan larregi pentsatu. Baina iruditzen zait antzerkia egiten dela: “hau egin behar duzu”, “izan positiboa” lakoak esaten dituzte, eta dena ez da horretara mugatzen. Ez da erreala. Gainera, askotan, esandakoa ez dute euren bizitzan aplikatzen. Hori islatzen saiatu gara.
Ibone: Motibatzekoak diren ingelesezko benetako esaldiak erabili ditugu, askok asmatutakoak direla pentsatu duten arren.

Ikusten duzue zuen burua coaching lez?
Maddi: Ez. Youtuber igual… Amparo lez (barrez)
Ibone: Inondik inora!

Lehenengoz aurkeztu zarete?
Maddi:
Zazpigarrenez. Lehenengoz 12 urtegaz aurkeztu ginen eta aipamen berezia jaso genuen, Diruak dakarrena lanagatik. Kuadrillan 22 gara eta txandaka ibili gara.
Ibone: Gazteak izan arren beteranoak gara.

Antzerkian ibiliak zarete?
Ibone:
Umetatik ibili naiz, baina 24 ordu digitalean beste kontu bat da, lagunartekoa. Edonor animatuko nuke. Begira Maddi!
Maddi: Ez. Familian, etxean, egin dut antzerkia. Baina hortik kanpora, ez. Oso lotsatia naiz. Oholtzara igo ginenean saria hartzera, bildur eszenikoa sortu zitzaidan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!