“Musikagaz kaleak girotu gura dituen 16 urtetik gorako edozein herritarrek du lekua Fanfarrixon”

Maialen Zuazubiskar 2019ko aza. 12a, 11:00

Musika tresnei hautsa kendu eta musika hotsa Elorrioko zein Euskal Herri osoko kaleetera zabaltzeko asmoz, lagun talde batek Fanfarrixo txaranga sortu du Elorrion. Egun, hamabi lagun dabiltza taldean, eta taldeko zuzendari Leire Balerdik ANBOTOri azaldu dionez, eurena "hutsetik" sortutako taldea da. Eurek aukeratu dituzte izena, janzkera eta abar. 

Nondik dator txarangaren ideia?
Orain 20 bat urtera arte, banda bat zegoen Elorrion. Baina garai hartan taldea desegin egin zen, eta harrezkero ez da ezer egon herrian. Denok sentitu dugu inoiz banda baten falta herrian, baina inork ere ez dugu ezer egin, lagun talde bati txaranga sortzea otu zitzaion arte.

Zelakoa izan da hasiera?
Hasiera guztiak oso zailak dira. Antolakuntza oso konplikatua zenez, elkarte berri bat sortu, eta lokal berri bat lortu eta egokitu behar zen, besteak beste. Musikaririk gehienak Elorrioko musika eskolan ibilitakoak zirela konturatu ziren, eta, beraz, taldeari musika eskolagaz zelanbaiteko lotura bat ematea erabaki zuten. Bertako zuzendariagaz berba egin zuten, eta baiezkoa jaso ondoren abenturari ekitea erabaki zuten. Herrian deialdi zabal bat egin zuten.

Zu horrela batu zinen taldera?
Nire ahizpa ere ibili zen taldea antolatzen, eta taldera batzeko asmoa nuela esan nion. Gustura hartuko nindutela esan zidan ahizpak, eta taldeko zuzendaria neu izango nintzela esan ziotela.  Horrelaxe batu nintzen.

Elorrion jo duzue, baina baduzue asmorik kanpora irteteko?
Oraingoz birritan jo dugu herrian, eta urtea amaitu baino lehen beste birritan jotzea da gure asmoa.   Baina, noski, hori dena martxan  ipini, eta deitzen badigute izango da. Txaranga hau zerbitzu baten moduan ikusten dugu, eta, beraz, hasieran Elorrion jotzea eta ondoren behar den lekura joatea da asmoa. Ez dugu mugarik ipini gura.

Birritan irten zarete kalera. Zelako esperientzia izan da?
Ona. Hasieran, perkusio aldetik ez geneukan bonborik. Orduan, utzi ziguten bateria bategaz ibiltzen ginen hara eta hona. Baina txaranga batek mugitzea behar du, eta bonbo bat erosi genuen. Orain, bonbo horregaz gabiltza. Hala ere, jende faltan gaude, eta nik zeharkako txirula jotzen dudan arren, txarangan bonboa jotzen dut, eta perkusionistak kaja. Elkarren osagarri gara eta bateria baten lana egiten dugu.

Jende bila zabiltzate?
Txaranga batean zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Beraz, gura dutenei, taldera batzeko gonbita egiten diegu. Musikagaz kaleak girotu gura dituen 16 urtetik gorako edonork du lekua Fanfarrixon. Interesa duenak jakin dezala domeketan egiten ditugula entseguak, hamabostean behin.

Besterik gehitu gura duzu?
Eskerrak eman gura dizkiogu musika eskolari eta Elorrioko Udalari, euren laguntzarik barik ezinezkoa izango litzatekeelako taldea aurrera ateratzea. Eta herritarrei, ba, datozela gu ezagutzera.  Txaranga handitzen bada, gu pozarrren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!