“Usobiagaren, Larrionen eta Ondraren ondoan nire izena gehitzea berezia da"

Joseba Derteano 2019ko aza. 8a, 13:00

2002an bidea zabaldu zutenetik, hona, lau eskalatzailek baino ez dute lortu 'Psikoterapia' bidea igotzea: Patxi Usobiagak, Iban Larrionek, Adam Ondrak eta Martin Urrutiak (Elorrio, 1999). Eskaladaren munduko izen handiei berea gehitu die elorriar gazteak.

Aspalditik buruan zeneraman igoera izan da?
Zonalde horretan askotan eskalatzen dut, eta Psikoterapia hango biderik inponenteena da. Gainerako bide ia denak eginda, probatu nezakeela pentsatu nuen.

Zelakoa da bide hori?
Igoera laburra da, 16 metro inguru ditu. Helduleku txikiak eta pasabide gogorrak ditu. Oso eskalada intentsoa da. 9a graduko bideak luzeagoak izaten dira, atseden hartzeko tokiak izaten dituzte, baina Psikoterapiak ez du modurik ematen arnasa errekuperatzeko.

Zure lehenengo saiakera izan da?
Ez, hile bitan bide horretan entrenatzen aritu naiz. Bideei aurre egiteko hiru modu daude eskaladan: ezelango informaziorik barik ahalegintzea, besteek kontatutako informazioagaz igotzea, eta bertan askotan entrenatu eta gero egitea ahalegina. Nik azken hori egin dut.

Bide hori eskalatzea lortzen duen laugarren pertsona zara eta aurreko hirurak ez dira edonor: Patxi Usobiaga, Iban Larrion eta Adam Ondra.
Bide horrek oso izaera berezia du eta uste dut horrexegatik ez duela jende gehiagok igo. Edozelan ere, Usobiagaren, Larrionen eta Ondraren ondoan nire izena gehitzea berezia da, jakina.

Euskal Herritik kanpora non eskalatu duzu?
Urrunen eskalatu dudan tokia Kanadako Mendi Harritsuetan izan da. Orain hiru bat urte izan zen. Europan, Greziako Kalymnos irlan egon naiz. Eskaladarako oso toki ezaguna da. Italian, Suitzan eta Katalunian ere ibili izan naiz.

Toki horietako zein bide aukeratuko zenuke?
Kataluniako Margalef herriaren inguruan daudenak asko gustatzen zaizkit. Herria bera oso polita da, bide asko daude eta haiek eskalatzeko behar den teknika asko gustatzen zait. Oso igoera atseginak eta entretenigarriak dira.

Baduzu buruan beste erronkaren bat aurrera negira?
Oraingoz ez. Ez dut erronka gogogor-gogorrik gura apur batean. Lasaiago ibiliko naiz, Mugarra inguruan, Baltzolan…

Mugarra inguruan ibiliko zarela diozu. Atxarte baino gurago duzu?
Mugarran bide gogortxoagoak daude. Atxartekoak eskola zaharreko igoerak dira, apur bat etzanagoak eta helduleku onekin. Mugarran, ostera, igoera bertikalagoak daude eta aproposagoak dira zailtasun handiagoa bilatzen dutenentzat.

Notzuk dira zure eskalatzaile erreferenteak?
Adam Ondra mito bat da. Seguruenik historiako eskalatzailerik onena da, eta pertsona lez umila. Alex Megos alemaniarra ere hor dago. Nire moduan igoera laburrak eta helduleku txikikoak egiten ditu, eta asko gustatzen zait.

Asteburuan, Espainiako Eskalada Txapelketa lehiatu zenuen Iruñeko Rokopolis zentroan. Zelan joan zen?
Ez gura bezain ondo. Eskalada kirol olinpikoa izango da lehenengoz Tokion. Hara begira, hiru eskalada modalitate konbinatu dituzte. Abiadurakoan ez nintzen ondo moldatu,  ez dudalako asko lantzen. Boulder eta zailtasunean finalerdietara heldu nintzen. Espainiako Kopako proba bietan finalera sailkatu nintzen eta txapelketan gehiago itxaroten nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!