Elorrioko Udalak %1 igoko ditu zergak eta tasak datorren urtean

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 22a, 15:03

Atzo egindako osoko bilkuran, 2020rako zergak eta tasak %1 igotzea onartu zuten. Elorrioko Udaleko hiru alderdien aldeko botoekin datorren urterako ordenantza fiskalak onartu zituzten.

 "Zerbitzu publikoak duinak izatea gura badugu, igoera bat izan behar da. Gainera, diru-sarrera eta gastuetan oreka bat egon behar da; beraz, derrigorrez zertxobait igo behar ziren zerga eta tasak", adierazi zien Idoia Buruagak kazetariei bilkuraren ondoren. Horrez gainera, ordenantza fiskalak lantzerakoan, oposiziotik proposamenak jaso zituztela eta horiek ere kontuan izan zituztela adierazi zuen alkateak.

2020rako ezarritako hobarien artean, besteak beste, EAJk proposatutako hobari bat dagoela jakitera eman zuen alkateak. Orain arte, auto elektrikoak zituztenek zergetan %50eko bonifikazioa zuten. Datorren urtean, ostera, %95eko hobaria izango dute. "Aldaketa klimatikoaren gaiari helduz, aldaketa txiki batzuk egitea gura izan ditugu. Orduan, gai horretan esfortzu bat egiten dutenek, auto elektrikoak erosten dituztenek esaterako, gaur egun dituzten hobariak baino handiagoak izatea planteatu dugu", adierazi zuen Joseba Muxika EAJren bozeramaileak.

Aldaketa klimatikoaren gaiagaz jarraituz, Elorrioko Udalak hainbat pauso eman dituela eta emango dituela azaldu zuen Buruagak. Bilkuran aipatu zuen eskualdeko lehenengo udala izan direla auto elektrikoentzat errekarga puntu bat ipintzen, eta epe laburrean udaltzainek auto elektrikoa izango dutela aipatu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!