“Mendi lasterketetan gozatu egiten dut, ez baitago beste kiroletako lehiakortasunik”

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 27a, 14:30

Azaroan urte bi beteko dira Olatz Aizpitarte elorriarra mendian korrika egiten hasi zela. Harrezkero, onenen artean dabil eta horren adibide da, IV Goierriko Kopa trailean, zazpi lasterketak osatzen duten proban, lortu duen hirugarren postua.

Asteburuan, Goierriko Kopa Trail proba hirugarren postuan amaitzea lortu duzu. Pozik lortutakoagaz?
Bai, pozik nago. Zazpi lasterketa izan dira guztira, baina, egia esan, ez zaizkit denak ondo irten. Gainera, azken lasterketan bigarren postua galdu nuen eta hirugarren amaitu nuen. Hala ere, orokorrean, pozik nago emaitzagaz.

Itxarondako emaitza izan da?
Egia esan, ez. Urtarrilean, lagun batzuek kopa egitea erabaki genuen, ondo pasatze aldera. Apurka aurrerantz nindoala ikusi nuen eta, azkenean, kopa osorik egin dut, eta hirugarren amaitu dut.

Koparen balorazioa positiboa da?
Kopa urtarriletik irailera bitartean jokatu da, hilero proba bat, uztailean eta abuztuan izan ezik. Orokorrean, balorazioa positiboa da. Lehenengo lasterketak, apirilera arte, oso ondo irten zitzaizkidan, eta lasterketako lider ipini nintzen. Baina, lider nindoala, lasterketarako aste biren faltan, jausi egin nintzen eta belauna zabaldu nuen; bederatzi puntu eman behar izan zizkidaten. Orduan, lasterketara ia entrenatu barik eta puntuak kendu berri heldu nintzen. Asko sufritu nuen. Azken lasterketan ere ez nuen ondo pasatu. Presioa zela-eta, ez nuen proban disfrutatzea lortu.

Mendi lasterketen munduan oraintsu murgilu zara. Nolatan?
Beti gustatu izan zait korrika egitea. 2017an aurreko lotailu gurutzatua apurtu nuen, eskiatzen. Orduan, lagun bat mendian korrika egiten hasi zen, eta bere lasterketetara joaten hasi nintzen. Martxoan egin zidaten ebakuntza, eta irailean berriro ere korrika egiten hasi nintzen. Azaroan, animatu eta Lemoako lasterketan parte hartu nuen, eta hirugarren postuan amaitzea lortu nuen. Harrezkero, mendi probetan nabil.

Zer ematen dizue lasterketek?
Mendi lasterketetan gozatu egiten dut, ez baitago beste kiroletako lehiakortasunik.

Zein izango da parte hartuko duzun hurrengo proba?
Ez daukat oso argi. Baina azaroan Lemoan jokatuko den lasterketan seguru egongo naizela. Nire lehenengo lasterketa izan zen eta ez dut hutsik egingo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!