Elorrioko Udalak garbitzaileen lan baldintzak hobetzea eta %6,27ko igoera egitea proposatu du, besteak beste

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 18a, 14:27
Artxiboko irudia.

Elorrioko Udalak herritarrei garbitzaileen grebaren nondik norakoak azaltzeko batzar bat egin zuen astelehenean. ELAk ohar bidez salatu du udalak "gezurra" esan zuela. 

Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbiketa hitzarmena 2018ko apiriletik 2020ko abendura arte dago indarrean. Elorrioko udal eta erakin publikoetako langileak, Eulen enpresakoak, lan baldintza horiekin ados ez, eta greban daude apiriletik hona. Horrez gainera, kale garbiketako langileen eta euren arteko soldata arrakala amaitzea ere eskatzen dute. “Kale garbiketako edo udal eraikinetako garbiketa ez da berdina, ez dute baldintza berdinetan lan egiten. Gainera, kale garbiketako langileak funtzionarioak dira eta udal eraikinetako langileak, ez. Hauek ez dituzte oposaketa batzuk egin behar izan. Hala ere, esan behar dugu geuk eskaini diegula zerbitzua publifikatzea, eta ez dute onartu”, esan zuen astelehen arratsaldean Idoia Buruaga alkateak Arriolan egindako agerraldian.

Bestalde, lehenengo batzarrean ELA sindikatuak lau urteko epean soldata “%80 igotzea” eskatu ziola udalari jakitera eman zuen alkateak. “Elorriorentzat bideraezina da %80ko igoera. Igoera horregaz, zerbitzuaren kostua 819.167 eurokoa izango litzateke, egun dugunaren bikoitza, eta ez genuke inbertsioetarako biderik izango”, azaldu zuen Idoia Buruaga alkateak.

Hori horrela, hainbat batzar, proposamen eta azterketa egin eta gero, udalak honako proposamena helarazi zion sindikatuari lehengo barikuan: lan baldintzak hobetzeko asmoz, lan ordu gehiago ipintzea gaur egungo espazioak garbitzeko, astean 31 ordu gehiago; langileren bat jubilatuz gero, lanaldi hau beste langileen artean osatzea eta langileei kategoria igotzea, peoi izatetik peoi espezialista izatera pasatzea. Aldaketa horregaz, %6,27ko igoera aplikatuko zaie. Azken proposamenagaz, zerbitzuaren kostua 368.000 euro izatetik 504.000 euro izatera pasatuko litzatekeela eta langileek "onartzea itxaroten" dutela adierazi zuen Buruagak.

Herritarrak arduratuta

Asteleheneko agerraldian hainbat herritar batu ziren eta euren haserrea eta ardura adierazi zioten udalari. “Noiz arte jarraitu behar dugu horrela? Umeak txerri-korta batera bidali behar ditugu? Igerilekura beharrean txerri-korta batera joan behar dugu?”, azaldu zuen herritar batek. Bestalde, publifikatzea bidea bada, horretara jotzeko eskatu zioten hainbat herritarrek udalari. "Sindikatuaren erantzuna ezezkoa bada, oso ondo pentsatu beharko dugu zer jarrera hartu", esan zuen alkateak.

Sindikatuaren erantzuna

ELA sindikatuak, berriz, asteleheneko aurkezpenean Elorrioko Udalak garbitzaileen soldatekin "gezurra" esan zuela eta hori "oso larria" dela salatu du. "Udalak tranpa egin du eta langile bakoitzaren soldatari inputatu dio langile horien bajak estali dituen ordezkoaren soldata", esan dute ELAko kideek. Bestalde, beraien ustez, gertatutakoa azaltzeko bi aukera besterik ez daudela esan dute. "Udalaren zuzendaritza daramatenek oinarrizko kalkulu-ezagutzak ez izatea edo udalak zifrak okerrak eta faltsuak zirela jakinda ere, hauek herriari aurkeztea erabakitzea". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!