“Bizikleta irteera emakume zein gizonei dago zabalik; hori bai, gizonek gure erritmora joan behar dute”

Joseba Derteano 2019ko ira. 14a, 10:30

Emakumez osaturiko elkartea 2014an sortu zuten, Nafarroan, eta, harrezkero, Euskal Herri osora hedatu da. Domekarako, bizikleta irteera antolatu dute. Elorriotik irtengo da, eta 09:30ean elkartuko dira, herriko plazan. Bizikumeko eta Elorrio txirrindulari elkarteko Leire Arteaga (Durango, 1972) ekimen honetako antolatzaile nagusienetakoa da.

Zelan animatu zinen ekimen hau antolatzera?
Martxoan, bizikletan ibiltzeko topaketa bat izan zen Lemoan. Parte hartu eta gustatu egin zitzaidan. Elorrio txirrindulari elkartekoak onak dira probak antolatzen, eta hango arduradun nagusiei Elorrion irteera bat antolatzeko aukera plazaratu nien. Euren laguntzagaz antolatu dut.

Emakumezkoek zein gizonezkoek parte hartu dezakete, ezta?
Bai. Irteera gizonei zein emakumeei dago zabalik; Hori bai, gizonek gure erritmoan joan behar dute. Horixe da baldintza. Horrelako irteeretan gertatu izan zait gizonek eurek erritmoa ipintzea eta ihes egitea. Denok elkarrekin aritzea da kontua. Kirola eginez eta bizikletan ibiliz gozatu gura dugu. Ez da ibilaldi lehiakorra.

Domeka heltzeko gogoz zaude? Urduritasunik sentitzen duzu?
Momentuz, ez, baina seguru nago egunean bertan urduri egongo naizena. Gainera, nahiko perfekzionista naiz eta dena behar den moduan egotea gustatzen zait. Zorionez, ekimena bide onetik doa. Izen-ematea zabalik dago eta jendea badabil apuntatzen. Pozik nago.

Gizonek ere eman dute izena?
Bai, gizonak ere badaude.

Errespetatuko ote dute denak batera ibiltzeko baldintza?
Irten aurretik argi eta garbi utzi beharko dugu hori. Ez dela irteera lehiakorra, denok batera joatea dela kontua eta beste erritmo batean ibili gura duenak hortxe daukala errepidea bere zain egunero. Hala ere, asko ingurukoak eta ezagunak direnez, badakite irteeraren filosofia zein den.

Bizikumek Durangaldean antolatzen duen lehenengo ekimena da. Elkartea ezagutzera emango du eskualdean.
Horrela da. Bizikumen egiten den lana zabaltzeko eta inguruko emakumeak elkartera batzera animatzeko aukera bat da; bai bizikletan bakarrik dabilenarentzat, bai gizonekin irteten duenarentzat. Emakume asko dabiltza bizikletan, eta gure berri badute, beharbada probatzera animatuko dira. Ea zelan irteten den dena.

Zelakoa da ibilbidea?
Denek egiteko modukoa. Batzuek komentatu didate erreparo apur bategaz datozela, gogorra egingo ote zaielako, edo aspaldi ez direlako ibili. Baina ibilbidean zehar, Kanpazar igo aurretik Elorrio ondotik igarotzen garenez, gura duena bertan geratu daiteke. Norberak erabakiko du aurrera jarraitu ala bertan amaitu. Joan zen zapatuan, hiru emakume gipuzkoarrek ibilbidea probatu zuten. Sekula ere ez dira hemendik ingurutik ibili, eta domekan beharbada ezingo direnez etorri, euren kabuz probatzea erabaki zuten. Ni ere eurekin joan nintzen. Ibilbide osoa egin zuten eta asko gustatu zitzaien. Ondo egiteko modukoa zela esan zidaten. Aurretik iritzi horiek jakiteak lasaitu egiten du. 

Bizikume Nafarroan sortu zen eta urte gutxian asko hedatu da.
Nafarroatik Gipuzkoara hedatu zen eta oraintsu Araban eta Bizkaian sartu da. Elkartea hazten dabil.

Normalean, Bizikumekoekin irteten zara bizikletan?
Bizkaiko topaketak Bilbo inguruan izaten dira, asko hango ingurukoak direlako. Ni hemendik irteten naiz normalean, Durangaldetik, Elorrio txirrindulari elkartekoekin sarritan. Domekako irteera hemen inguruan dabiltzan emakumeak ezagutzeko aukera bat da.

Noiz batu zinen Bizikumera?
Iaz, Bizikumek Nafarroan prestatutako erronka baten berri izan nuen sare sozialetan, eta parte hartzea erabaki nuen. Ondo pasatu nuen eta gustura ibili nintzen.

Bizikletarako zaletasuna betidanik datorkizu?
Txikitan aitagaz ibiltzen nintzen. Lehengusuentzat zahar geratutako bizikleta bat konpondu eta hantxe ibiltzen nintzen. Gerora, lesio bat izan nuen eta kirola egiteari utzi nion. Orain zortzi bat urte, berriro korrika hasi eta oso ondo sentitu nintzen. Beraz, bizikletan ere animatu nintzen. Errepideko bizikleta sinple bat erosi nuen. "Hilean pare bat bider irteteko nahikoa da", pentsatu nuen, baina kirola egitea gustatzen zaidanez, orain gehiagotan ibiltzen naiz. Egia esanda, aurten kilometro asko egin ditut bizikletan.

Bizikletan eta korrika. Kirola egin zalea zara.
Bai, banaiz. Orain, Donostiako maratoi erdia prestatzen nabil. Horrez gainera, eguenetan palan jokatzen dut eta mendi martxetan ere parte hartzen dut. Azken batean, kirola egitea asko gustatzen zait eta gorputzak ondo erantzuten didan bitartean… aurrera!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!