"Gogoa edukitzea ezinbestekoa da furgonetan bidaiatzeko"

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 13a, 12:30

50 furgoneta zale baino gehiago batuko dira Elorrion asteburuan. Hugo Oliveira iurretarrak asteburu osoko egitarau zabala antolatu du furgoneta zaleak batzeko. Esaterako, bisita gidatuak, DJak, jolasak eta abar izango dituzte kiroldegi ondoko aparkalekuan.

Eskualdean, lehenengoz antolatu duzue ekimen bat furgoneta zaleak batzeko. Zer dela eta?
Orain hiru bat urte, furgoneten munduan murgildu nintzen. Taldeetan sartu eta informazioa batzen hasi nintzen. Orduan, Espainian zehar hiru eguneko elkarretaratzeak egiten zituztela ikusi nuen, eta animatu eta horietako batera joatea erabaki nuen. Bakarrik joan nintzen, eta topatu nuenak asko harritu ninduen. Harrezkero, hainbatetan izan naiz, baita antolatzen laguntzen ere. Orduan, eskualdean zerbait egin genezakeela pentsatu nuen, Durangaldea ezagutzera emateko asmoz. Elorrioko Udalari proposamena aurkeztu nion, eta baiezkoa eman eta erraztasun guztiak eman dizkidate. Gainera, herriko dendek ere harrera ona egin diote gure ekimenari.

Zein da ekimenaren helburua?
Helburu nagusia jendeak gure inguruaz gozatzea, gure kultura ezagutzea eta asteburua giro onean pasatzea da. Horrez gainera, Elorrioko dendetan eta tabernetan jendeak kontsumitzea ere bada asmoa. Eta asteburu honetan Elorriora datozen furgoneta zaleak etorkizunean ere berriro etortzea, jakina.

Ematen du furgonetan bidaiatzea modan dagoen kontua dela.
Egia esan, jende askok bidaiatzen du furgonetan zein autokarabanan; gero eta gehiagok esango nuke. Gainera, behin aproba eginda, harrapatu egiten zaituen pasioa dela esango nuke.

Zer behar da derrigorrez furgonetan bidaiatzeko?
Gogoa edukitzea ezinbestekoa da furgonetan bidaiatzeko.

Zure ustez, zeintzuk dira furgonetan bidaiatzearen abantilak?
Furgonetan bidaiatzeak jendea ezagutzeko aukera aproposa eskaintzen du, jende desberdina. Baita hainbat kultura eta leku ezagutzekoa ere. Horrez gainera, gura duzun lekuan eta gura duzun momentuan egoteko aukera eskaintzen dizu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!