“Durangaldetik Euskal Herrira egin nuen salto, eta pozik itzuliko naiz berriro Durangaldera”

Ekaitz Herrera 2019ko ira. 6a, 09:15

Lekuko aldaketa. Korrikan egiten den bezala, eskua luzatu eta hurrengo datorrenari lekukoa pasatzeko txanda heldu zaio Mertxe Mujikari. Irail hau azkena du AEK-ko koordinatzaile nagusi legez. Alizia Iribarren nafarrak hartuko du haren lekua, urria hasteagaz batera. Mujika 13 urtean egon da AEKren lehen lerroan. Pozik eta harro dago egindako lanagaz. Bidean zenbait arantza gelditu zaizkiola aitortzen du, baina irribarrea ezpaineratzen zaio lorpen guztiak azaltzen dituenean.

Azken hilea duzu AEK-ko koordinatzaile nagusi legez. Zer moduz zaude?
Oso pozik sentitzen naiz. Pozik nago egindako lanagaz, eta zorion mezu asko nabil jasotzen, bai AEK-ko kideen partetik eta baita kanpoko eragileen partetik ere. Mezu horiek guztiek baieztatu egin dute urte hauetan zehar nik egindako apustua. Beharrezkoa zen euskalgintzan elkarlana eta zubigintza martxan ipintzea, eta baieztatuta geratu da apustu hori. Egindako ibilbideak arrastoa utzi du. AEK bera ere indartuta irten da. Pozik eta harro nago. Batek baino gehiagok galdetu didate ea zergatik uzten dudan koordinatzaile nagusi postua, baina ibilbideak hasi eta amaitzen jakin behar dela esango nuke. Uste dut ez dela ona pertsona bera hainbeste urtean kargu berean egotea, ez norberarentzat, ez erakundearentzat. Aldaketak egon behar dira, gurea mugimendu bizia dela eta proiektu bat garela erakusteko. Uzteko erabakia nik neuk hartu nuen, orain 8 urte. Gure karguak, nolabait, zortzi urtekoak dira. Batzarrak onartu egiten ditu, eta hausnarketa estrategikoekin egoten dira lotuta. Bigarrenez koordinatzaile nagusi izendatu nindutenean, argi utzi nuen ez nintzela beste agintaldi batera aurkeztuko. Durangaldetik Euskal Herrira egin nuen salto, eta orain pozik itzuliko naiz berriro Durangaldera.

Zein da 13 urteko ibilbide honetaz egiten duzun balantzea?
Balantzea positiboa da. AEKren balioetan ez da aldaketarik egon. Oso argi izan du beti zertarako jaio zen. Aldaketak gizartean gertatu direla ikusi dut, eta AEK-k horretara egokitzen jakin du. Euskal Herria euskalduntzen segitzen dugu, eta ikasle zein zerbitzuen kopuruak goranzko joera izan du 13 urte hauetan. Bestalde, hainbat Korrika ezagutu ditut barru-barrutik, eta horretan ere aldaketa nabarmenak egon dira. Euskal gizartean aldaketak izan dira arlo politiko eta sozialean, eta Korrikan ere islatu da hori. Inoizko Korrikarik jendetsu eta anitzenak izan dira azkenak. AEK sendo bat ikusten dut, lanerako gogo izugarria duena.

Ibilbide emankorra izan den arren, baduzu arantzarik?
Bai. Daukadan arantza nagusia da helduen euskalduntze-alfabetatzeak normalizatu bako sektorea izaten jarraitzen duela, 13 urte pasatu diren arren. Egia da gauzak hobetu egin direla, horretan ez dago zalantzarik. Baina arlo asko landu barik daude oraindik. Helduen alfabetatze-euskalduntzeari prestigioa eman behar zaio, eta baliabidez hornitu behar da.

Badago egoera horren arduradunik?
Urte hauetan zehar ezagutu ditut hainbat arduradun politiko, helduen alfabetatze-euskalduntzea urte batzuen ondoren amaituko zela ziotenak. Esaten zuten eskolek euren lana egingo zutela, herritarrak euskaldunduko zirela,... eta urte batzuen buruan amaituko zela helduen alfabetatze-euskalduntzearen beharrizana. Ez da hala izan. Administrazioek egindako ikerketa soziolinguistikoek diote Euskal Herriko biztanleen erdiek oraindik ez dakitela euskaraz. Gainera, erabilera sustatzeko aroan sartu garen honetan dugu arazo hau. Frogatuta dago euskaltegiak beharrezkoak direla. Beste hainbat sektore dauden moduan, euskalgintzarena ere giltzarria da gizartean. Euskaltegien sare osoan, 35.000 ikasle eta 1.500 irakasle baino gehiago gaude. Herri honen ekonomian pisua duen sektorea ere bada gurea.

Behin baino gehiagotan ikusi zaitugu, esanez, euskalgintzako diru-laguntzen politikak eguneratze baten premia dutela.
Diru-laguntzen menpe gaude beti. Zenbait urtetarako perspektiba izango duen marko iraunkor baten falta sumatzen dugu oraindik. Ikasleen profila aldatzen dabil eta epe luzerako plangintza batek aukera emango liguke inbertsio pedagogikoak egiteko, ikerketak egiteko edo materiala egokitzeko. Horren falta igartzen dugu askotan. Dena dela, egia ere aitortu beharra dago: azken urteetan asko hobetu da arlo hau.

Urte hauetan guztietan bizi izandako arantzak ditugu aipagai, baina zeintzuk izan dira arrosak, non egon dira lorpenak?
AEK-k bete-betean asmatu du elkarlanean. Beharbada modan dagoen berba bat izango da ‘elkarlana’, baina, gero, hori gauzatzen jakin behar da, eta AEK-k lortu du. Horren adibide da administrazioen eta herri mugimenduen artean lortutako elkarlana. Oso argi ikusi genuen hori 20. Korrikan, 2017an. Hiru administrazio nagusietako ordezkariek eta euskalgintzako arduradun nagusiek elkarrekin egin genuen kilometro bat Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian. Argi gelditu zen euskararen geroa denon artean landu beharreko zerbait zela. Inflexio puntua izan zen. Azken Korrikan, gainera, argazkian agertzetik idatzitako konpromiso batera egin da salto. Sortutako elkarlan horrek ez du jada atzerapausorik.

Soziolinguistika Klusterrak egindako azken ikerketaren arabera (2017), jaitsi egin da, oro har, euskararen erabilera. Non daude hutsegiteak?
Gauza askotan gabiltza huts egiten, baina esaldi bakarrean laburbildu liteke: hizkuntza politika orokor eta bateratua falta dugu. Plangintza partzialak egiten gabiltza. Orain, gazteengan politika bat martxan ipini; gero, lan mundurako beste bat egin; hurrengoan, beste plangintza bat diseinatu. Politika partzial horiek beharrezkoak dira, baina denak aterpetuko dituen txapel bat behar dute. Gazteenek hizkuntza formal lez darabilte euskara eskolan, baina patioko hizkuntza erdara da. Arreta ipini beharko da gazteen aisialdian, kontsumitzen ditugun ikus-entzunezkoetan, lan munduan, administrazioan... arlo guztietan. Bestela, alferrik galduko dugu bizitzen gabiltzan une historiko hau. Gure konfort eremutik aterako gaituzten erabakiak behar dira.

Euskara salbatuta dagoela sinetsi ote dugu?
Baietz uste dut. Irentsi egin dugun zerbait da. Ikasten da euskaraz, baliabideak daude euskaraz, euskara indartzeko helburuz sortutako erakunde eta hedabide asko urteurrenak betetzen dabiltza... Nolabait, badago euskara salbatuta dagoen irudipen bat. Normaltasun irudi bat dago, baina bestelakoa da errealitatea. Urrutira joan barik, Elorrion bertan gaztelaniaz berba egiten ikusten ditut gazte batzuk. Euskararen geroa salbatuta egongo da konpromisoak —norbanakoak eta instituzionalak— betetzen badira. Euskaraz bizitzea posible da eta erabakiak hartzeko ordua da. Dena dela, datu positiboak ere badaude. Pozgarria da Gasteizen euskararen erabilera apurka gora doala ikustea.

Maila pertsonalean, zeintzuk dira urte hauetan zehar bizi izan dituzun une gogor eta gozoak?
Denerik egon da. Gertatu zait gure kideei esatea ‘egon lasai, lortuko dugu akordioa halako erakundeagaz’ edo ‘lortuko dugu igoera bat diru-laguntzetan’, eta gero, bileratik esku hutsik itzultzea. Horretan bai, atsekabe bat baino gehiago izan dut.  Baina une politak ere asko izan dira. Arduradun postuak jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Adibidez, ideologikoki desberdina den pertsona asko ezagutu dut eta konprenitzen duzu zergatik pentsatu dezakeen berak zuk pentsatzen ez duzun hori, horretarako arrazoia baduela sarritan... Ohartzen zara jarrerak aldatu egin daitezkeela berba eginda eta bestearen lekuan ipinita. Enpatia moduko bat lantzen da. Beste une on asko ikasleekin kalean bat eginda bizi izan ditut, karpetetan AEKren logoa daramatela ikusita,... eta, jakina, Korrikak ematen dituen une ederrak zenbaezinak dira.

Koordinatzaile nagusi izateari utzi eta gero, zein betebehar izango duzu?
Trantsizio ikasturtea izango da hau. Alizia Iribarreni lekukoa pasatu eta bidea zabaltzen lagunduko diot. Oraingoz, Bilbon jarraituko dut pare bat kontu amaitu arte, baina pozik nago laster Durangaldera, nire etxera, itzuliko naizela ikusita. Ordezkapen batzuk egingo ditut irakaskuntzan, eta bide honetan ikasitakoa baliatu gura dut euskararen normalizazioan eragiteko.  Berbalagunen ere parte hartzeko asmoa dut.

Elorrio Ferixa Nausikoak ospatzen dabil. Zer da jaietatik gehien gustatzen zaizuna?
Kuadrilla eguneko bazkaria itzelean gustatzen zait, baina, tamalez, joan zen astean ezin izan nintzen egon. Azoka eguna bera ere oso gustuko dut; baita jaiei hasiera ematen zaien unea ere. Hartuko dut tarte bat jaietan gozatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!