Milaka lagunek sukalkiaren bueltan ospatuko dituzte Elorrioko jaiak

Jone Guenetxea 2019ko ira. 5a, 13:40

Ferixa Nausikoetako ekitaldirik jendetsuenetariko bat da Sukalki Eguna. Sukalki txapelketa kuadrillan batzeko eta mahai bueltan hitzordua jartzeko aitzakia izaten da. Elorriarrak goizean goizetik joaten dira Aldatsekuara lekua hartzera. 08:00etatik 10:00etara bitartean, parte-hartzaileen zerrenda egiten dute antolatzaileek. Bakoitzari zenbaki bat ematen diote, lehiaketan parte hartu ahal izateko.

Ondorengo osagaiak erabili ahalko dira: behi okela (hegala, zankarroia edo lepoaldea baino ez) eta patata. Saltsarako, kipula, porrua, piperra, berakatza, tomatea, iderrak eta azenarioa, ardoa eta likoreak. Ezingo da perretxikorik erabili. Hain ohikoak izaten diren aurkezpeneko apaingarriak jangarriak izan behar dira.

Parte-hartzaile bakoitzak bere denbora neurtu beharko du, 13:00-13:30 bitartean aurkeztu beharko dira-eta lapikoak. Ondoren, epimahaiak sukalkiak dastatu eta emaitzaren berri emango du.

Hiru sari
Sukalki irabazleak 150 euroko saria eskuratuko du. Bigarrenari 120 euro egokituko zaizkio, eta 90 hirugarrenari.

Mozorrotzeko gonbita
Iturrizoro elkarteak antolatutako sukalki txapelketan, mozorroak izaten dira gatza eta piperra jartzen dutenak. Horregatik, mozorrotuta parte hartzeko gonbita egin dute antolatzaileek.

Arratsaldean jaiagaz jarraituko dute, karroza jaitsieran disko festa eginda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!