Elorrioko zerua parapentez marraztuko dute zapatuko kontzentrazioan

Joseba Derteano 2019ko uzt. 12a, 12:00

Elorrioko Larrano parapente taldeak Euskal Herriko hainbat parapentezale batuko dituen kontzentrazioa antolatu du zapaturako. Eguraldiak laguntzen badu, Elorrioko zeruari ezohiko ikuspegia emango diote eguerditik aurrera.

Aireratzea Udalatx mendiko meatzeetan —650 metroko garaieran— izango da, eta lur-hartzea San Antongo eta Iguriako landetan. Eguerdian eta arratsaldean ibiliko dira. Izan ere, eguzkia zeruan goren dagoenean sortzen dira baldintza termikorik aproposenak parapentean aritzeko. Iluntzean, parte-hartzaile guztiek elkarregaz afalduko dute. 

Bizi-bizirik dagoen kirola
Aurten 23 urte bete dira Larrano taldea sortu zutenetik. Orduan ez ziren hainbeste, baina zaletasunak gora egin du apurka. "Euskal Herrian parapente eskolak daude, jende gaztea apuntatzen da eta badago parapentearekiko interesa", adierazi du Iñigo Gabiria Larrano taldeko parapentelariak. "Elorrioko taldean ere badago jende berria. Badugu erreleboa. Gainera, berriak estatuko txapelketetan parte hartzen hasi dira", gaineratu du. 

Urtean zehar hainbat irteera antolatzen ditu Larranok. Iaz Hike and Fly txapelketa bat ere antolatu zuten Elorrion, eta modalitateko onenak batu zituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!