“Gure kontzertuetan asko gustatzen zaigu inprobisatzea”

Aritz Maldonado 2019ko uzt. 13a, 10:00

Ray Fernandez kubatarra Durangaldean da berriro ere, Roylan Carballosa (perkusioa), Miguel Alejandro Valdes (baxua) eta Lorenzo Molina (tronpeta) taldekideekin. Joseba Sarrionandia iurretarragaz eta Ares marrazkilariagaz batera, crowdfundinga abiatu dute 'El que fuma, bebe y canta' liburua kaleratzeko.

Zelan doa bira?
Ondo! Heldu eta segiduan, hiru kontzertu eskaini ditugu. Egun bitan atseden hartu eta EHZra joan ginen. Itzela izan zen, ez genuen hainbeste jende espero; 3.000 lagun inguru egon zirela esan ziguten. Deigarria egin zitzaigun Eako (Bizkaia) kontzertua, herri bitxia delako eta kubatar ugari egon zirelako han. Iruñean eta Bilbon eskainiko ditugu hurrengo kontzertuak, eta, amaitzeko, Elorrion. Bizirik eta ahotsagaz heltzea itxaroten dugu (barrez). Euskal Herrira gatozen bigarren aldia da, eta aurrekoan baino atseden gehiago hartzeko aukera izan dugu.

Hamazazpi egunean zortzi kontzertu. Ez da kopuru makala. Nola eusten zaio erritmo horri?
Bueno, gogor egitera ohituta gaude. Hilabetean kontzertu ugarieskaini ohi ditut Kuban; adibidez, astean behin, Habanako El Diablo Tun Tunen jotzen dut. Beste erritmo bat da hori. Lagungarria da atseden hartzeko, eta hori ona da ahotserako, nik asko erretzen eta edaten dut eta. Eta, badakizu, erretzen duenak, edaten duenak eta abesten duenak, ahotsa izorratzen du [Bere liburuaren izenburua parafraseatu du: El que fuma, bebe y canta, se jode la garganta]. 

Ni etxean bezala sentitzen naiz Euskal Herrian, eta, egia esateko, jende asko etorri da hemen eskaini ditugun kontzertuetara. Zarautzen, adibidez, aretoa lepo bete genuen, eta jendeak kanpoan geratu behar izan zuen. 

Nolakoak dira zuen kontzertu horiek?
Inprobisazioari leku handia egiten diogu. Berriatuako kontzertuan, esate baterako, Iratxe Ibarra bertsolaria han zen, eta erronka bota nion. Jakina, bertsotan egitera igo zen oholtzara; kaskarreko batzuk eman zizkidan bertsotan. Egia esateko, bertsolariekin beti galtzen dut. Baina Habanara datozenean desberdina izango da. Hangoa nire mundua da. [barrez].

Liburua kaleratzeko, crowdfundinga abiatu duzu Joseba Sarrionandiagaz.
Nire abestiak, hauek nola idatzi ditudan edo atzetik dituzten istorio eta epitafioak bildu ditut bertan. Marrazkiak Ares marrazkilari kubatar entzutetsuak egin ditu, eta Josebak hitzaurrea idatzi du. Josebak erradiografia zorrotza egiten dit bertan, baina maitasunez betea. Irabazi-asmo ekonomikorik bako proiektua da, jendeak nire letrak eduki ditzan. Habanan kaleratzea ezinezkoa da gaur egun, eta horregatik ipini dugu martxan crowdfundinga. Nire asmoa zerbait txikia egitea zen, baina Aresen ilustrazioen kalitatea mantentzeko, formatu honetan egin beharra zegoen.

Musikalki, baduzu beste proiekturik esku artean?
Urte itzela izan da. Silvio Rodriguezegaz batera kontzertua eskaintzeko aukera izan dut aurten. Ohore bat izan zen. Orain, Euskal Herritik Mexikora goaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!