Europako paraziklista onenak Elorrion lehiatuko dira domekan

Joseba Derteano 2019ko eka. 25a, 14:58
Gaur Bilbon egin duten aurkezpeneko irudia. Erdian Idoia Buruaga Elorrioko alkatea.

Zortzi herrialdetako 91 kirolarik parte hartuko dute.

21. Paracycling Bira aurkeztu dute gaur Bilbon. Aurtengoa Europako Koparen barruan kokatu du UCIk eta Tokioko Joko Olinpikoetarako puntuagarria izango da. Ekainaren 28tik 30era hainbat herritan izango da lasterketak. Azken egunekoak, domekakoak, Elorrion egingo dituzte.

Zortzi herrialdetako 91 parte hartzaile —11 emakumeak— batuko ditu txapelketak. Lau modalitatetan banatuko dira: bizikleta, tándem, handbike eta trizikloan. Modalitate bakoitzeko onenak etorriko dira, munduko txapeldun izandako Foulón frantziarra eta Garrido venezolarra, besteak beste. Euskaldunen artean, Alfredo Irusta nabarmendu daiteke.

Elorrioko probak ekainaren 30eko domekan izango dira, 10:00etatik aurrera. Herrigunetik eta inguruetatik diseinatutako zazpi kilometroko ibilbideari aurre egingo diote parte hartzaileek. “Mundu guztiak Elorrioko proban parte hartu gura izaten du. Ibilbiderik erakargarriena da”, azpimarratu du proba antolatuko duen Saiatu Fundazioko Txema Alonsok. 14:00 inguruan sari banaketa egingo dute plazan.

ELORRION - EKAINAK 30

- 09:45; Handbike modalitateko erlojupekoa.
- 10:15; Trizikloen proba.
- 11:00; Tandem-en proba.
- 11:20; Bizikleten proba.
- 14:00; Sari banaketa.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!