Antzinako ogibideak ezagutzeko aukera egongo da San Agustinen, zapatuan

Maialen Zuazubiskar 2019ko eka. 14a, 13:00

San Agustingo Olazar auzo elkarteak Antzinako Ogibideen Azoka antolatzen du urte birik behin. Aurtengoa bederatzigarren aldia da, eta, ohitura duten moduan, auzoko familiak Aro Modernoko jantzitan irtengo dira, lehengo eran egiten ziren artisau-lanen erakustaldia egiteko.

Aurten arte, Erdi Aroaren itxura eman diote auzoari, baina aurten XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera lantzen ahaleginduko direla jakitera eman dute antolatzaileek. "Gure aitita-amamen sasoiko ogibideak erakutsi gura ditugu, gaur egun desagertuta daudenak", nabarmendu dute. 

Olazar auzo elkartekoek egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako. 11:00etan hasita, San Agustinera doazenek azoka ikusteko aukera izango dute. 13:00etan, erakusketen azalpenak emango dituzte eta, 15:00etan, bazkaria egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!