“Jende askorengana heldu naiz liburuen booktrailerrei eskerrak”

Aritz Maldonado 2019ko eka. 7a, 11:00

Rakel Duran elorriarrak Hald mundu paraleloa aurkeztu zuen izen bereko lehenengo eleberrian; Naia eta Jake ziren hango protagonistak. 'Noul' da eleberri horren jarraipena, eta, besteak beste, Noulak nortzuk diren azalduko du bertan, protagonista bien arteko hartu-emanean sakonduta. Barikuan, tetralogia bat izango denaren bigarren alea aurkeztuko dute Elorrioko Lourdesko Ama ikastetxean, 19:00etan. Han erosi ahalko da liburua, eta baita Durangaldeko liburudenda batzuetan eta Amazon saltokian ere.

 

Zein da 'Noul' eleberriaren abiapuntua?
Bigarren liburu honetan, gauzak asko zailtzen zaizkie pertsonaiei. Halden amaierak erantzunik bako galdera asko utzi zituen. Noulen, dena aldatuko duen iragana ezagutuko da. Ezer ez da dirudiena. 

Noul liburu ilunagoa da. Jake ausartegia bilakatzen da, eta, ondorioz, arazo asko edukiko ditu. Jesteil hiri lasaian ere gauza asko gertatu dira eta hiritarrak beldur izango dira. Jakek bere arreba Sarah eta Broke babesten saiatuko da, baina ez ditu beti erabaki egokiak hartuko. Bere inguruan jende asko hilko da, umeak desagertuko dira, eta istripu tragiko ugari gertatuko dira. Bestalde, Naia jakitun da bere bizia arriskuan dagoela, baina ez du Jakerena arriskuan ipini gura; bien arteko harremana korapilatsua izango da, baina Jakek ez du etsiko. 

Nola kaleratu duzu liburua? 
Diseinu grafikoa eta multimedia ikasketak egin nituen Bilbon, baita prentsa infografismoa ere; praktikak argitaletxe batean egin nituen. Hald publikatzera animatu nintzen lehenengo. Noul kaleratzeko, luzeagoa izan da itxaronaldia, gauza asko batu zaizkit eta. Halden egin nuen bezala, Noulen ere neu arduratu naiz denaz: diseinuaz, maketazioaz, argazkiez... Banekien nire kabuz egin ahalko nuela, argitaletxean lan hori bera egiten nuelako. 

"Eskuizkribua zena eleberri bilakatu da, eta laster Amazonera helduko da"

Eta idazten, nola hasi zinen?
13 edo 14 urte nituela hasi nintzen, baina ez nuen buruan nobelarik idaztea; manga komiki baterako gidoia idatzi nuen. Marraztea gustatzen zait, eta komiki bat egin gura nuen. Amaitu nuenean, ikusi nuen ez zela hain ona, eta idazten jarraitu nuen. Konturatu orduko, eskuizkribu bat nuen. Eskuizkribu hori eleberri bilakatu eta laster Amazonera helduko da.

Zeintzuk dira zure erreferenteak? 
Txikitan Henry Jamesen Otra Vuelta de Tuerca irakurri nuen, eta asko markatu ninduen. Izugarri atsegin dut Patrick Rothfussen idazteko modua, eta sortu duen mundu fantastikoa. Azkenaldian irakurri ditudan beste batzuk aipatzearren, Torcuato Luca de Tena, Arturo Perez Reverte, Stephen King edo Anne Rice. 

Baduzu beste proiekturik esku artean?
Tetralogiagaz jarraituko dut; hirugarren liburuko 500 bat orrialde ditut idatzita. Bestalde, Hald publikatu nuenean, booktrailerrak ipini nituen Youtuben, eta honegaz ere zerbait ona egitea gustatuko litzaidake. Jende askorengana heldu nintzen bide horretaik, eta hainbat herrialdetatik eskatu zizkidaten liburuak: Mexik otik, Argentinatik, AEBetatik, Kanadatik eta Alemaniatik esate baterako.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!