Hemendik Harantz elkarteak antolatuta, zapatuan elkartasun jaialdia ospatuko dute Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2019ko eka. 7a, 14:00

2016an, hainbat herri mugimenduren eskutik, Arabako Errioxan Hemendik Harantz elkartea jaio zen, errefuxiatuentzat janaria eta arropa jaso eta haien ahotsa izateko asmoz. Eta, orain hile batzuk, Durangaldeko hainbat kidek Hemendik Harantz Durangaldea elkartea sortu zuten, mugak zabaldu eta elkartasuna sustatzeko.

"Pare bat lagun hartu-emanean ipini ginen hainbat kolektibogaz, proiektuak ezagutu eta eskualdean zerbait egiteko", azaldu dute. Baina ikusi genuenak ez gintuen guztiz asetu, akzio gehiago gura genuelako, eta, orduan, Arabako Errioxako talde hau ezagutu eta elkarlanean zerbait egitea proposatu genien", esan du Iker Salterain abadiñarrak. 

Orain lau bat hiletik hona, janari bilketak egin dituzte hainbat herritan, eta zapatuan elkartasun jaialdia egingo dute Elorrion sostengu ekonomikoa lortzeko. "Jaialdia dirua biltzeko da, batez ere. Hala ere, kontzientziazio kanpaina bat ere egin gura dugu, jendeari Europan bizi duten egoeraren berri emateko", azaldu du Salterainek. 

Bestalde, euren asmoa eskualdean erreferente bihurtzea dela aitortu du Salterainek. "Berrizen lokal bat daukagu eta gure asmoa arropa bilketan erreferente izatea da", gaineratu du abadiñarrak. 

EGITARAUA:

Mahai-ingurua: Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) + Atxondo Harrera Herria + No Name Kitchen + Artea proiektua + Hemendik Harantz.  Gaztetxean, 11:00etan.

Ongi etorri’ umeentzako sormen txokoa (6-12), Iturri kultur etxean.

Oroimen murala, 18:00etan, gaztetxean.

Kontzertua: Sara Zozaya + Abereh + Aiora eta Piti (Zea Mays), 19:00etan.

Elkartasun afari merienda, 20:30ean.

Kontzertua: Sermonds + Radio Revolucion, 22:00etan.

Selektah 9MM-k musika ipiniko du egun osoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!