'Hel horri!' lemapean, Ibilaldiaren 41. edizioa Elorrion izango da, 2020ko maiatzaren 31n

Maialen Zuazubiskar 2019ko eka. 6a, 12:44

Gaur goizean jakitera eman dutenez,  2020ko Ibilaldia Elorrioko Txintxirri ikastolak antolatuko du, hirugarrenez. Hel horri! lemapean,  maiatzaren 31n ospatuko da Bizkaiko ikastolen jaia. "Hurrengo urteko Ibilaldia familiagaz zein lagunekin euskaraz ospatzea gura genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz", adierazi dute Elorrioko Txintxirri Ikastolako kideek prentsaurrekoan.

Elorrioko Txintxirri Ikastolak 1968ko urtarrilaren 12an zabaldu zituen ateak. Harrezkero, hainbat egitasmo eta ekimenetan parte hartu dute. Esate baterako, 1999ko eta 2006ko Ibilaldiak antolatu zituen. Eta, orain, elorriarrek beste erronka bat dute esku artean: 2020ko Ibilaldia.Txintxirriko kideek jakitera eman dutenez, hasi dira iada lanean. Esaterako, udaberrian lansaio bat egin zuten ikastolako familiekin, eta han Hel Horri! goiburua eta hiru elorriren logoa zehaztu zituzten. "Elorrio eta elorria abiapuntu moduan hartuta sortu dugu lema", esan dute Txintxirri Ikastolako kideek. 

Bestalde, 2020ko Ibilaldiaren helburu nagusiak Txintxirriren hezkuntza eredua herriratzea, erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea eta herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea dela jakitera eman dute, euskara, parekidetasuna, hezkidetza, jasangarritasuna, parte-hartzea eta inklusioa zehar lerro izanda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!