Hauteskundeak

Gobernatzeko beste eredu baten aldeko botoa eskatu du EH Bilduk Elorrion eginiko ekitaldian

Aritz Maldonado 2019ko mai. 13a, 20:31

Idoia Buruaga Elorrioko alkateak, Bea Ilardia Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak eta Jasone Agirre legebiltzarkideak hartu dute berba ekitaldian. Durangaldeko EH Bilduko hainbat alkate, zinegotzi eta hautagai egon dira ekitaldi jendetsuan.

Buruagak, ostera alkate aukeratua bada, "bestelako" kudeaketa ereduarekin jarraituko duela iragarri du, horrek duen garrantzia nabarmenduz. "Lau urte hauetan oinarri bat ezarri dugu udal politikagintzan; oinarri hori benetan ezartzeko, lau urte ez dira nahikoa baina, beste lau urte behar dira". 

Ilardiak, ere, EH Bilduren gobernatzeko modua goraipatu du. "EH Bilduk gobernatzen duen herrietan, edo erakundeetan egiten duen lanagaz,herritarren bizimoduak hobera egiten du". Europako iparraldeko herrialdeen ereduarekin alderatu ditu gero koalizio abertzalearen politikak. "Ez dugu klase txar bateko onenak izatearekin konformatu gura. Inkoformismoa dugu nortasun agirian".

Agirrek lan baldintza duinak lortzearen garrantziaz jardun du. "Beharbada, seme-alabei bizimodu okerregoa utziko dien belaunaldia gara, lehenbiziko. EH Bildu hori aldatzeko dago. Gure onena eman behar diegu, gure aurrekoek gugatik egin duten bezala". Horrez gainera, Europako hauteskundeetan Orain Errepublikak koalizioa bozkatzearen garrantzia azpimarratu du. "Kataluniarrek bezala, guk ere preso politikoak ditugu, eta deportatuak, eta horiek ekartzeko garrantzitsua da Europan ere egotea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!