Erabilera bikoitza izango luke jauregiak jeltzaleek duten egitasmoan. Behean nagusientzako eguneko zentroa kokatuko litzateke, eta bigarren eta hirugarren solairuetan musika eskola. "Udal talde jeltzaleak elorriarren eta adinekoen bi elkarteen eskaerak eta beharrak entzun ditu eta horien guztien arabera jardungo dugu aurrerantzean", esan du Joseba Muxika alkategai jeltzaleak.
EAJrentzat kultura da Elorrioko nortasun ezaugarri nagusia, eta kultur arloko eskaintza zein instalazioak hobetzeko neurriak proposatu ditu: Arriola hobetzea, Iturrin elkarteekin lankidetzan aritzea, Musikaire indartzea Euskal Herrian "erreferente" bihurtzeko... Gainera, bisitariak erakartzeko asmoz herrian ekintza kultural berriak antolatzea ere ideien artean kokatu du.