“Intxorta taldeak xarma berezia du eta elorriarrok asko maite dugu”

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 10a, 14:00

30 urte bete dira Intxorta Asti Elkartea sortu zenetik Elorrion. Bihar, maiatzak 11, aisialdi elkartearen urteurrena ospatuko dute egun osoko jaialdi bategaz.

Astebururako Intxorta Asti Elkartearen urteurren jaia antolatu duzue. Zer aurkituko dute Elorriora joango direnek?
Alaitz Urrutxi:
Goizean umeentzako tailerrak eta hainbat ekintza egongo dira herriko plazan, batez ere Intxortako adin tartea batzen duten umeentzat. Horregaz emango diogu hasiera egunari, Intxortako izaera duten ekimenekin.
Malen De La Fuente: Horren ostean, elorriar guztiak gonbidatuta dauden herri bazkari bat egingo dugu, eta arratsaldean, plazara jaitsiko gara, elektrotxarangagaz. Urteurren jaialdiari Akerbeltz taldearen erromeriagaz emango diogu amaiera, Intxortak merezi duen moduan.

Dagoeneko 30 urte pasatu dira aisialdi elkartea sortu zenetik. Zer da herriarentzat Intxorta?  
M.D.: Intxorta Elorrioko herrigintzan dabilen ezinbesteko taldea da. Elorrion elkarte asko daude, eta gurea presentzia handia duen elkarteetako bat da. Gehienbat umeei eta gaztetxoei zuzenduta dago, baina urte guztian zehar hainbat jarduera egiten ditugu eta horri esker adin tarte guztietara heltzen garela esan dezakegu. Esaterako, udan, kanpamentuak muntatzerako orduan, jende helduak laguntzen digu, eta lanean gabiltzan arren, momentu benetan politak pasatzen ditugu elkarregaz. Horrek harremanak sortzeko balio izaten digu. 
A.U.: Gainera, horri esker, Intxortak nola funtzionatzen duen ikusi dezakete gurasoek, eta begiraleok ere hobeto ezagutzen gaituzte. 

Elorriarren artean, nolako harrera duzue?  
A.U.:
Harrera oso ona du taldeak. Umeak irrikan egoten dira udako kanpamentuetara joateko, baita asteburuetan Intxortara joateko ere. Elkarteak harrera ona duen seinale da hori. 
M.D.: Taldean parte hartzen duten umeez gain begiraleok ere izaten dugu irrika hori. Ume sasoia atzean utzi eta gero, oraindik taldeari lotuta jarraitzen dugula konturatu gara herritarrok, begirale lanetan, sukaldari, laguntzaile... Intxorta taldeak xarma berezia du eta elorriarrok asko maite dugu. 

Intxortako ume izandako begiraleak zarete. Umetako zein oroitzapen duzue?  
M.D.:
Garai oso onak eta oso zoroak bizi izan genituen, eta orduko oroitzapen ederrak baino ez ditugu, egia esan. Gaur egun ere horrela bizi izaten jarraitzen dugu.

Zer esango zeniokete oraindik Intxortako kide ez den Elorrioko ume bati?
A.U.: Probatzera animatuko nuke. Probatu dugunok ez dugu inoiz ere utzi gura izan.
M.D.: Gainera, probatzeko aukera asko daude. Horietako bat zapatuko jaialdia izango da. 

Beste zerbait gehitu gura duzue?
M.D.: Guri egokitu zaigu urteurren hau bizitzea, baina esan baharra daukagu gure aurrekoei esker izan dela hori. Intxortako sortzaile eta begirale izandako guztiei eskerrak eman gura dizkiegu 30 urte hauetan egin duten lan eder eta oparoarengatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!