Elorriarren parte-hartzea bultzatu eta herri galdeketak egiteko araudia onartu dute

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 2a, 09:33

Elorrioko Udalak pauso garrantzitsua eman du herritarren partaidetzara begira. Astelehenean egin zen bilkuran, azken urteetan Elorrioko Udala lantzen ibili den parte-hartze araudia onartu zuten EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz.

2016az geroztik udala ordenantza berria lantzen ibili da herri galdeketak egiteko eta herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzeko, eta dagoeneko eman dute lehenengo pausoa. "Gure gobernu planeko 100 neurrien artean, parte-hartze eta herri galdeketa araudi bat gura genuen, eta lan asko egin ostean, badaukagu geurea", adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Araudi honen bitartez, herritarren parte-hartze zuzena bultzatuko du udalak, eta herri galdeketak egiterako orduan tresna hau eskura izango dute elorriarrek. Herritarren parte-hartzea bultzatzeaz gain, informazioa eta gardentasuna normalizatzeko tresna ere badela jakinarazi du Elorrioko Udalak.

Hiru alderdiak elkarlanean
2016az geroztik lantzen dabiltzan eta aste honetan onartu berri duten araudia alderdi guztiekin elkarlanean burutu dutela jakitera eman du Buruagak. "Alderdi guztien artean aberastu dugun tresna da. Esango nuke legegintzaldi honetan benetan elkarlanean burutu dugun proiektu bakarrenetarikoa izan dela. Beraz, alde horretatik, pozik gaude", jarraitu du alkateak. Gainera, herritarren "onunarako" izango den tresna bat dela azpimarratu du Buruagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!