Pasioz bizi dira AteneON ekimeneko kideak, eta pasioz egiten dute dena. Musika dute pasio kide guztiek, eta zaletasun hori herritarren zerbitzura jartzen saiatzen dira, AteneON kontzertu sorta antolatuta. Izan ere, euren leloak dioen bezala, bizitzari zentzua ematen dioten "plazer txikiak" dira kontzertu hauek. "Musutruk egiten dugu dena, eta disfrutatzen", azaldu du Gorka Molero AteneONeko kideak. Ekimen autogestionatua da AteneON, horrelakoak ikustea gero eta gaitzagoa den arren. Elkarren artean beharra banatu, eta ekimeneko kideak arduratzen dira diseinuaz, taldeei harrera egiteaz, soinuaz eta argiztapenaz. "Hamabost bat lagunek osatzen dugu talde iraunkor bat-edo izan daitekeena, baina laguntzen digun askoz ere jende gehiago dago inguruan", azaldu du Miren Amestik. Bide batez, ekimenera joateko deia egin diete elorriarrei, gazteei batez ere.
Euskal Herritik kanpokoak
Denboraldi berri honetarako, beste erronka bat ezarri diote euren buruari. Elorrioko hainbat taldegaz egin zuten lehenengo denboraldia, eta, bigarrenean, Durangaldeko eta inguruetako taldeak ere gonbidatu zituzten ekimenera. Hirugarren denboraldi honetan, Euskal Herritik kanpoko taldeak ere aritu dira Ateneoko oholtza gainean: Vulk, Soledad Velez, Liher, Moonshaker eta Rukula, besteak beste. "Gero eta jende gehiagok egiten du ekarpena programaziorako taldean, aukera gehiago irteten dira eta horrek aniztasuna bermatzen du", adierazi dute antolatzaileek.
Kontuak kontu, antolatzaileak pozik daude ekimenagaz. "Hobetzen saiatzen gara beti. Aurten, adibidez, emakumezkoen talde gehiago programatzen saiatu gara", azaldu Txaber Agirrek.