Orain arte, berba gutxi egin izan da Elorrioko bonbardaketaz.
Durangokoan jende gehiago hil zenez, Elorriokoa eklipsatua izan da horregatik, nahiz eta bonbardaketa garrantzitsua izan. Baina, martxoaren 31ko Elorrioko bonbardaketa horrek berak ere herriko beste bonbardaketa batzuk eklipsatu zituen. Adibidez, azaroaren 12an pertsona bi hil zituzten faxistek botatako bonbek. Elorrio frontean egonda, bonbardaketa gehiago ere jaso zituen. Hamar bat izan ziren guztira. Martxoaren 31n zazpi lagun hil ziren, eta beste bonbardaketetan, beste bost. Gainera, zortzi elorriar ere hil ziren beste herrietan gertatutako bonbardaketetan. Durangon, Bermeon, Karrantzan, Lezaman, Eibarren...
Martxoaren 31koaz datu berririk jaso duzu? Zer dakigu horretaz?
Datu oso kurioso bat agertu da. Euskal kulturan pertsona oso famatua zen zinemagile bat egun horretan Elorrion zegoela jakin dugu, baina oraindik baieztapena falta zait. Bestelakoan, orain arte jakinikoa. Bonbardaketa bi izan ziren egun berean; bata goizean, 08:30ean, eta bestea arratsaldean, 17:00etan. Italiako abiazio legionariakoak izan ziren erasotzaileak, 24. bonbardaketa taldeko 213 eskuadrillakoak. Eraikin piloa kaltetu zituzten, eta bat guztiz bota behar izan zuten. Berrio Otxoa kalean ere aztarnak ikusi daitezke oraindik.
Zergatik uste duzu bonbardatu zutela Elorrio?
Frontearen lerroa hor geratu zen, irail amaieran, eta ez zen apirilaren 1era arte berriro mugitu, Durangoko eta Elorrioko bonbardaketen ostean. Han zeudela, gerra berriro hasiko zela eta espero behar zutena horixe zela ohartarazteko modu bat izan zitekeen. Distrakziorako maniobra bat ere bai, edo gerrarako esperimentu bat, Gernikan bezala. Badakigu Wolfram von Richthofen, Alemaniako Kondor Legioko burua, Elorrion egon zela egun batzuk geroago, bonbardaketaren ondorioak ikusteko. Faktore asko egon daitezke. Hala ere, nire ikerketa errepresaliatuen arloan kokatu dut, ez gerraren sinbologian.
1936 eta 1945 artean bizi izandako errepresioa aztertzen zabiltza. 75 hildako egon zirela aipatzen zenuen ikerketa hasi berritan.
Orain 80 bat hildako ditut zenbatuta. Elorrioko bonbardaketetan, 12; beste herrietako bonbardaketetan, 8; errepublikazaleen errepresioagatik, 14; errepublikazaletzat aurkeztu ziren frankisten eskutik, 2; gudariak, 24; frankistekin batera borroka egin zutenak, 8; bandoa izendatu ezin izan zaienak, 5; bonba bat aurkituta hil zen ume 1; bala galdu batek hil zuen pertsona nagusi 1; langile batailoietan hildako 1; eta kartzelan hildako abade 1.
Hildakoez aparte, errepresioa jasan zuten zenbat elorriar egon ziren?
Herrian errepresioa jasandako 173 lagun zerrendatu ditut, momentuz. Langile batailoietan, 14; auziperatuak edo kartzelaratuak, 78; ondasunen konfiskazioa ezarritako 69; udalean zigorrak jasotako 14 langile; eta horietatik lana galdutako 7.
Askok ihes egin behar izan zuten.
Frontea jausten hasi zenean, errefuxiatuen babesgune bilakatu zen Elorrio, Arrasatetik eta Elgetatik gertu zegoelako. 1936ko abendu amaieran 2.131 errefuxiatu zeuden bertan, 3.000 biztanle inguruko herri batean. Horri gudari batailoiak gehitzen badizkiogu, kanpotarrak gehiago zirela ikusiko dugu. Baina momentu bat heldu zen Elorrio ez zena leku segurua, eta jendea bizia galtzeko beldur zen; umeengatik bereziki. Gutxienez Elorrioko 33 ume atzerrira bidaltzea ekarri zuen horrek, Frantziara eta Ingalaterrara nagusiki. Bestalde, lau umek Frantziara eta gero Kataluniara ihes egin zuten euren familiekin batera, itsasontziz. Umeekin amak egon izana ere oso posible da. Katalunia jausi zenean exilioa hasi zen, eta badakigu gutxienez hiru elorriar Gurseko [Frantzia] kontzentrazio-esparruan egon zirela.
Emakumeek sufritutako errepresioa bikoitza izan zen.
Errazagoa da gizonen datuak topatzea, armak hartu zituztelako. Emakumeen errepresioa desberdina zen, eta zailagoa jasotzeko. Auzipetuak gutxi izan ziren, herriko bizitzan nabarmendu zirenak, Emakumeen Abertzale Batzakoak edo Elorrioko Kasino Errepublikarrekoak, adibidez. Baina konfiskazio kasuetan emakumeen aurka joan ziren, gizonak topatzen ez zituztelako, eta emakumeen izen pilo bat agertzen da. Ilea moztu ostean herritik paseatutako emakumeen testigantzarik ez daukagu. Noski, hori ez zuen inork kontatzen, bortxaketa kasuak lez. Isildutako eta isilpeko errepresio bat zen, ebidentzia dokumentalik uzten ez zuena.