Eskola publikoak eta inguruko instalazioek dituzten beharrei erantzuteko asmoz lau fasetan banatutako proiektua abiatuko du udalak

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 26a, 15:39
Errugbi-zelaia eta eskola publikoa

EAJko kideak kritiko agertu dira EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak onartutako kreditu aldaketa eta proiektuarekin.

Gobernu taldeak atzoko osoko bilkuran jakitera eman zuenez, eskolan zein inguruko instalazioetan dauden beharrei erantzuteko asmoz, lau fasetan banatuta egongo den proiektu bati hasiera emango diete datozen asteetan. Dani Palacios zinegotziak adierazi zuenez, lehenengo fasean San Jose kaletik bide bat zabalduko dute eskolara doana. "Egun gaztetxoak landa batetik gora igotzen dira, eta gure asmoa bide bat zabaldu eta eskailera batzuk jartzea da", adierazi du Palaciosek.

Bigarren fasean, berriz, eskola azpiko solairua, 500 metro karratu ingurukoa, konpondu eta bertan 6 aldagela berri eta eskolako umeek erabiltzeko hainbat gela jarriko dituzte. "Egun solairu horretan ezetasun izugarria dago eta lan hauekin arazo horiek konponduko ditugu", esan du Idoia Buruaga alkateak. Horrez gain, eskola inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak ere egingo dituztela adierazi zuten. Bigarren faseko lan hauek udan burutuko dituzte eta 572.000 euroko aurrekontua izango dute.

Hirugarren eta laugarren faseko lanak, berriz, aurreragorako itxiko dituztela jakitera eman zuen alkateak. Hirugarren fasean, harmailak jarriko dituzte errugbi-zelaian eta laugarren fasean, estalpea umeentzako jolasgunean, besteak beste.

EAJ kritiko
Joseba Mujika EAJko bozeramailea kritiko agertu zen atzoko osoko bilkuran egindako kreditu aldaketarekin. "Hau gobernu-taldeak onetsitako lehenengo proiektuaren porrotari emandako konponbidea da. Gainera, korrika eta gaizki, hauteskundeen atean, alde bakarreko erabakia hartuta landutako proiektua da", esan dute ohar bidez EAJko kideek. Bestalde, azken egunotan egindako hainbat kreditu aldaketekin Elorrioko Udalaren gerakina 1.600.000 eurotik 700.000 eurora pasako dela esan dute jeltzaleek, udalaren diruzaintza erdira murriztuz.

EH Bilduren erantzuna
"Ez dugu ulertzen nola den posible asteleheneko bilkuran beraien abstentzioaz ahalbidetu zutena orain hain gogor kritikatzea. Gauza bat delako abstenitzea eta bestea, berriz, kontran egitea. Astelehenean ez zitzaiena hain txarto iruditzen, gaur Elorrioren aurkako eraso bat bilakatu da ia-ia", esan dute EH Bildukoek. Bestalde, EAJko bozeramailea den Joseba Mujika "ez dela gai izan" batzorde ezberdinetan proposomanik egiteko, eta planteatutako proposamenak "publikoki suntsitzera" mugatu dela salatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!