“Akilesen tendoian min dut oraindik eta horrek ez dit konfiantza hartzen uzten”

Aitor Mimenza 2019ko mar. 22a, 19:00
Aitor Mimenza erdian.

Durango Kirol Taldeko korrikalariak Zestoako herri lasterketa eta Arriarango mendi lasterketa (11 km) irabazi ditu martxoan, baina poza ez da bete-betea. Akilesen tendoia minbera du oraindik eta horrek arduratu egiten du.

Zer sentsazio izan zenituen Zestoako lasterketan?
Batez ere, neure burua probatzera joan nintzen. Azkenaldian lesioa dut Akilesen tendoian eta konfiantza faltagaz ibili naizenez, test moduan hartu nuen. Lasterketa bera ondo irten zitzaidan. Gustura aritu nintzen eta sentsazio onak izan nituen. Hasieratik ihes egin nuen eta, batez ere, neure buruaren kontrako proba izan zen.

Zelan doa lesioa?
Tratamenduagaz badoa hobera, baina oraindik minberatuta dut. Gustura nabil, baina entrenamenduetan min dut oraindik eta horrek ez dit konfiantza hartzen uzten. Ardura horregaz nabil. Gertatu izan zait entrenamendu oso onak eginda lasterketetara joan eta neurerik ez ematea, mina hor dagoela badakidalako edo ez dakit zergatik. Burua horrelakoa da batzuetan, ezezkoaren hautua egiten du. Gure kirolean alderdi fisikoa inportantea da, baina psikologikoa ere bai.

Hala ere, lasterketa bi irabazi dituzu denbora gutxian.
Bai. Urte hasieran egindako proba bietan, Idiazabalen eta Zumaian, ez nintzen gustura geratu eta Arriarango mendi lasterketa neure burua probatzeko erabili nuen; Postuak alde batera utzita, sentsazioak berreskuratzeko izan zen.

Zeintzuk dituzu hurrengo hitzorduak?
Martxoaren 30ean Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia egingo dut. Neure marka hobetzea izango da helburua. Orain ordubete eta zortzi minutuan dago eta, dena ondo badoa, hori hobetzeko gai banaizela uste dut. Baina, tira, lasterketa batean faktore askok eragiten dute: zirkuitu motak, talde on batean sartzeak eta beste batzuek. Ikusi egin beharko da zelan doan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!