Denboraldiko emaitza boladarik onenari esker, igotzeko borrokan dabil Elorrioko

Joseba Derteano 2019ko mar. 22a, 10:30

Elorrioko Parra Taberna taldea behetik gorako bidea egiten ari da Hirugarren Mailan. Eskas hasi zen eta, orain, azken txanpa heldu denean, inoiz baino hobeto dabil: zazpi jardunaldi daramatza galdu barik, eta euretatik lautan irabazi egin du. Bolada on horregaz, hirugarren kokatu da eta igotzeko aukerak ditu.

Orain urte bi Bigarren B Mailara igo zen, klubaren historian lehenengoz. "Elorrioren moduko herri txiki batentzat sekulakoa izan zen", gogoratu du taldeko entrenatzaile Iker Saenz de la Cuestak. Bigarren geratuta igo ziren, ligako txapeldunak, Bilbok, uko egin ziolako igotzeari. Hau da, Elorriokok sekula ere ez du Hirugarren Mailako ligarik irabazi, eta hori lortzea "berezia" litzatekeela onartu du Saenz de la Cuestak. Talde "oso ona" dutela dio eta iaz Bigarren B Mailan batutako esperientzia "lagungarri" zaiela. Dena beharko dute aspaldiko urteetako mailarik gogorrenean. Hainbat taldek Bigarren Mailan eta Bigarren B Mailan aritutako jokalariak fitxatu dituzte eta garaipenak aspaldiko urteetako garestien daude.

Bigarren taldea
Elorrioko Autogain Talleres, klubeko B taldea ere igoera postuetatik gertu dago Bizkaiko Maila Gorenean. Baina gehiago eman dezaketela uste du Saenz de la Cuestak. "Sekulako taldea dute, baina irregularrak dira", arrazoitu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!