'Sormening' ekimenaren bitartez Elorrioko gazte eta nagusien arteko harremanak sendotzen dabiltza

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 25a, 13:06

40 bat nagusik eta 253 gazte inguruk parte hartu dute 'Sormening'-en.

Duela hiru urte Elorrioko Udalak generazio ezberdinen arteko harremanak bultzatu asmoz, 'Sormening' ekimena martxan jartzea erabaki zuen. Orduz geroztik, Elorrioko gazte eta nagusiek 40 ekintza inguru gauzatu dituzte, elkarrekin.  Gaur, Elorrion eman dute prentsaurrekoan Onditz Mendizabal koordinatzaileak jakitera eman duenez, 'Sormening'ek guztira 40 bat nagusi eta 253 gazte inguru batu ditu. Parte hartzaileak Txintxirri Ikastolako, Elorrioko Institutuko, Lourdesko Ama ikastetxeko, Nagusien Egoitzako eta Berrio Otxoa, La Esperanza eta Bizidun elkarteetako kideak izan dira. "Guk nagusiak eta gazteak elkartzeko gune bat eta une bat sortu ditugu, baina garrantzitsuena da ekintza hau bukatzen denean, sortu diren harremanak ez direla bukatzen", adierazi du Mendizabalek.

Prentsaurrekoan hitz egin duten gaztetxo guztiek adierazi dutenez, hasieran aurreiritziak izan zituzten arren esperientzia "zoragarria" izan dela beraientzat. Gainera, hainbat gauzetarako balio izan diela ekimenak jakitera eman dute. "Niri ezagutu dudan jendeagaz erlazio berezi bat egiteko eta nire herria hobeto ezagutzeko balio izan dit ekimen honek", esan du Nahia Buruagak. Maria Jesus Unzurrunzagak, berriz, kalean gaztetxoekin topatu eta irribarre batez elkar agurtzea berarentzat politena izan dela aitortu du.

Bestalde, prentsaurrekoan parte hartu duten hamabi lagunek ekimenekin jarraitzeko gogoa dutela adierazi dute. Idoia Buruagak, berriz, Elorrioko Udalak nagusi eta gazteen arteko harremanak bultzatzen eta espazioak sortzen jarraituko duela esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!