Martxoak 31

Elorrioko Memoria Astean antolatutako ekitaldi sorta aurkeztu dute

Joseba Derteano 2019ko mar. 21a, 17:38

Ezkerretik eskumara: Joxe Garaizabal Laumunarrieta elkarteko kidea, Txus Arrieta udaleko zinegotzia eta elkarteko kidea, Jesus Aristegui elkarteko presidentea eta Mila Villa elkarteko kidea gaurko aurkezpenean.

Martxoaren 31n egingo duten ekitaldi nagusiaz gainera, hitzaldiak, bisita gidatuak, antzerki saioa, eta erakusketa bat egongo dira.

Laumunarrieta Memoria Elkarteak eta Elorrioko Udalak, elkarlanean, III. Memoria Astea antolatu dute. Askotariko ekintzak izango dira. Ekitaldi nagusia martxoaren 31n egingo dute, Elorrio bonbardatu zutela 82 urte betetzen diren egunean. Arriolako kantoian izango da, 12:00etan. Besteak beste, Julia Itoiz musikariak kantaldia eskainiko du eta, eguraldia lagun bada, photo call bat egongo da argazkiak ateratzeko.

Hainbat hitzaldi egongo dira. Esaterako, Laumunarrieta elkarteko beka bati esker Elorrioko 1936-1946 epealdia ikertu duen Mikel Diejo Barajas bilbotarrarena izango da aurrenekoa, martxoaren 26an. "Hainbat datu interesgarri ezagutara emango ditu", azaldu du Txus Arrieta Elorrioko Udaleko zinegotzi eta Laumunarrietako kideak gaurko aurkezpenean.

Apirilaren 2tik 14ra Iturri kultur etxean ikusgai egongo den erakusketak Gerra Zibilak Elorrion izan zuen eragina jasoko du hainbat argazkiren bidez. Bisita gidatuak dira Memoria Asteko beste osagai bat. Apirilaren 6an eta 12an izango dira. Izen-ematea Turismo Bulegoan egin daiteke. Azkenik, Lyceum klubari, Espainian emakumeen interesen alde borroka egin zuen lehenengo taldeari gorazarrea egingo dion antzerki saioarekin amaituko dute aurtengo ekitaldi sorta.

Memoria Legea, "beharrezko markoa"

Arrietak Memoria Legea ere izan du berbagai gaurko prentsaurrekoan. "Memoria historikoa garrantzitsua bada ere, Memoria Legea ezinbesteko pausoa da. Beharrezko marko bat da ahaztuak gogora ekartzeko. Urrats hori ematea oinarrizkoa da Frankismo garaiko biktimei erraparazio integrala emateko", adierazi du.

EGITARAUA

Martxoak 26

- 19:00etan, Iturri Kultur Etxean: 'Gerra Zibila eta lehenengo frankismoa Elorrion: Lehenengo ekarpenak', izeneko hitzaldia. Hizlaria: Mikel Diego Barajas. Euskaraz eta gazteleraz.

Martxoak 28

 - 19:00etan, Iturri Kultur Etxean: 'Emakumeak II. Errepublikan eta Frankismoan'. Hizlaria: Eider De Dios Fernandez. Euskaraz.

Martxoak 31

- 12:00etan, Arriola kantoian: Ekitaldi publikoa. Kantaldia: Julia Itoiz (La Chula Potra).

Apirilak 2-14

- Gerra Zibilari buruzko erakusketa Iturri Kultur Etxean. Ordutegia: 11:00-13:00 eta 18:30-20:30.

Apirilak 6 

- 11:00etan; Doako bisita gidatua, euskaraz. Izen-ematea Turismo Bulegoan.

Apirilak 11

- 19:00etan, Iturri Kultur Etxean. 'Memoria antifrankista, kereila argentinarra' izeneko hitzaldia. Hizlaria: Iosu Ibargutxi

Apirilak 12

- 18:30ean; Doako bisita gidatua, gazteleraz. Izen-ematea Turismo Bulegoan.

 Apirilak 27

- 19:30ean, Arriola Antzokian. Lyceum club, Espainian emakumeen interesen alde borroka egin zuen klubari omenaldi xumea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!