Elorrioko auzoak ez hiltzeko gakoa jende berria landa eremura bizitzera joatea dela jakinarazi dute bertako emakumeek

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 19a, 09:37

Landa eremuko emakumeei ahotsa eman eta eremu horretako emakumeen gaur egungo egoeraren argazkia izateko asmoz, Leire Milikua arkitektoa diagnostiko bat lantzen ibili da 2018ko otsailaz geroztik, Elorrion eta Abadiñon.

Otsail amaieran, diagnostikoaren ondorioak plazaratu zituen Elorrion. Bertan jakitera eman zuenez, diagnostiko honen helburu nagusietako bat landa eremuko emakumeak zer arduratzen dituen jakitea eta agentzia gaitasunaren aldarri bat egitea izan zen. "Garrantzitsua izan da emakumeei adieraztea gu subjektu aktiboak garela, ez hainbat gauza gertatzen zaizkigun objektuak. Beraz, euren egoeraren argazkia nolakoa den ikusita, antolatzen badira zer lortu dezaketen emakumeei adieraztea oso garrantzitsua izan da", aitortu du abadiñarrak.

Diagnostikoa egiteko prozesuari dagokionez, lehenengo, banakako bederatzi elkarrizketa egin zituzten, eta ostean, saio kolektiboak Gazeta auzoko Lagunarte Kofradian. "Elkarrizketatutako bederatzi emakumeei landa eremuko beste emakume batzuekin etortzeko deia egin genien, eta, guztira, 23 emakume elorriarrek parte hartu dute diagnostikoan", adierazi du Milikuak. Gainera, saio kolektibo hauekin emakumeen arteko saretze bat lortu gura izan dutela aitortu du.

Ondorioak
Saio horietan hainbat ondorio atera zituzten emakumeek. Horietako bat Elorrioko auzoak husten dabiltzala izan zen. Bertan adierazi zutenez, auzoak ez hiltzeko gakoa jende berria landa eremura bizitzera joatea da. Beraz, erraztasunak eskaintzea lehentasunezko jotzen dute gazteak landa eremura joateko.

Bestalde, bideen azterketa egitea ere oso garrantzitsua da landa eremuko emakumeen ustez. Hauen hitzetan, oinez zein bizikletan joanda toki gutxitan dago modu seguruan eta arriskurik barik ibiltzeko aukera. Hori horrela, espaloiak edo bazterbideak egiteko eskatu dute. Horregaz lotuta, auzoetako seinaleztapena ez dagoela ondo eta GPS koordenatuak txarto daudela kritikatu zuten. Horrez gainera, auzotaxiaren ordutegia zabaltzea ere eskatu diote udalari diagnostikoan parte hartu duten emakumeek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!