Erakusketaren bultzatzaile eta Elorrioko kultur teknikaria den Josune Arangurenen berbetan, patriarkatuaren ondorioz hilekoa tabu dela ikustaraztea da ekimenaren asmoa, besteak beste. "Tabu egoera hori emakumeok nola bizi dugun azaleratu gura dugu, eta feminismoaren ikuspuntutik nola interpretatu behar den", adierazi du Arangurenek.
Martxoaren 7an inauguratuko da erakusketa, 19:00etan, eta honako guneak izango ditu: lehenengo aldia, gorria euskaran, eskandaluaren horma, hilekoa artean, hilekoak emakume egiten gaitu?, ikus eta entzun ezazu hilekoa, eufemismoak, etorri ein xata, tasa arrosa eta ziklikoki.
Martxo osoan ikusgai egongo den erakusketa kultura dela aitortu du Arangurenek, ondarea dela.