Etorkinei ez zaiela bertakotzean laguntzen azpimarratzen da aniztasun kulturalaren inguruan egindako diagnostikoan

Maialen Zuazubiskar 2019ko ots. 5a, 09:40

Elorrioko aniztasun kulturala bultzatu eta nabarmentzeko asmoz, joann zen eguenean Aniztasun jaialdia egin zuten Arriolan. Kontran ez dut ezer, baina... lelopean, zenbait herritarren artean egon daitezkeen hainbat aurreiritziri aurre egiteko asmoz antolatu zuen Elorrioko Udalak ekitaldia.

Aurreiritzi horiek plazaratzeko, antzerkia, marrazkigintza eta zuzeneko musika izan zituzten bidelagun. Gainera, azken urte bietan Elorriora etorritako herritarrekin eta Elorrion jaio edo orain 40 urte herrira etorritakoekin landutako diagnosiaren emaitzak aurkeztu zituzten. Arriolako ekitaldian jakitera eman zutenez, herritarren arteko jarrera ona izaten den arren orokorrean, zenbait jende talderen artean kontaktu eta harreman zuzen gutxi dago. Oro har, jendea ezagunekin, betiko lagunekin, etxekoekin... egoten dela adierazi zuten.

Bestalde, udalak burutu duen bigarren diagnosi honetan, Elorrion etorkinak egunerokotasunean begirunez tratatzen dituztela ageri da, baina, aldi berean, bertakotzea ez zaiela askorik errazten azpimarratzen da. Elorrion laguntzak ematen dituzten arren etxebizitza edo lanpostua lortzeko, beste arlo batzuetan ez zaiela laguntza handirik ematen ohartarazi zuten eguenean egindako aniztasun jaialdian. Gabezia horiek garapen pertsonalean, edo nahi, sentimendu eta sentsazioen arloetan gertatzen direla aipatu zuten.

Umeen eta gazteen egoera
Umeen kasuan, Elorrion jaiotakoak eta herrira etorritakoak berdin tratatzen dituztela eta lagunak direla ageri da diagnosian. Harremantzerakoan, umeentzat arrazak, jatorriak edo azalaren koloreak ez dute garrantzirik. Hala ere, nerabezaroen kuadrilletan gazte etorkin berririk ez dagoela jakitera eman zuten. Bestalde, gaztelekuak edo gaztetxeak harremanak finkatzeko gune eragingarriak izan daitezkeela ondorioztatu dute.

Jarrera eraldatzailea
Iritzi guztiak kontuan hartuta, Elorrion programa bereziak landu behar direla jakinarazi dute Elorrioko Udaleko kideek, eta aberastasun soziala banatzea beharrezkoa dela.

Horrez gain, erantzunak kolektiboa izan behar duela eta herritarrek banan-banan zein denek batera jarrera eragile eta eraldatzailea izan behar dutela azpimarratu du Elorrioko Udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!